Lekeitiok etxebizitza turistiko berriak mugatuko ditu
Udalak araudi berri bat onartu du, etxebizitza eta logela turistiko berriak baldintza zehatz batzuekin baimenduko dituena.

Lekeitioko Udalak pauso bat gehiago eman du herriko etxebizitza turistikoen hedapena kontrolatzeko. Uda partean hirukoiztu egiten da biztanleria Lekeition, eta azken urteetan gero eta zailagoa bihurtu da herrian etxebizitza bat eskuratzea. Egoera horrek herritarren artean —bereziki gazteen artean— ezinegona eragin du, eta udal arduradunen esanetan, horri erantzuteko sortu da araudi berria.
Gaur egun, 93 etxebizitza turistiko eta 2 logela turistiko daude erregistratuta herrian, eta horietatik erdiak azken bi urteetan gehitu dira. Etxebizitza turistikoen kopuruak gora egin du modu esponentzialean, eta horrek ondorio nabarmenak ekarri ditu: alokairuaren garestitzea, etxebizitza libre gutxiago, eta auzokoen bizi-kalitatearen galera. Lekeitiok, gainera, EAEn ratio altuenetakoa dauka biztanle kopuruaren eta etxebizitza turistikoen arteko proportzioari dagokionez.
Araudi berriak ez du atzeraeraginezko eraginik izango, hau da, lehendik baimenduta eta erregistratuta dauden ETE eta ETL-ak ez dira arau berrien mende egongo. Baina hemendik aurrera jarduera mota hau martxan jarri nahi dutenek baldintza zorrotz batzuk bete beharko dituzte.
Udalaren arabera, neurri hauek ezinbestekoak dira herriko etxebizitza eskubidea defendatzeko eta Lekeition bizi nahi duten herritarrek bertan bizitzeko aukera izan dezaten: “Etxeak herritarrak berton bizitzeko behar ditugu”, azaldu dute. Antzeko kezken ondorioz, aparkaleku sistema berria ezarri zuen udalak uda garairako, eta etxebizitzen kasuan ere, norabide berean urrats sendoak ematen jarraituko dutela iragarri dute.
Euskal Kostaldeko beste herri askotan bezala, Lekeition ere etxebizitza turistikoen gorakada turismo ereduaren aldaketa zabalago baten parte da. Hori dela eta, araudia eguneratzea eta kontrol neurriak hartzea “ezinbestekoa” dela adierazi dute udaletik.