Olatuen gainetik, arrosak dirdiratsu eta Ondarroa tinko bere uretan
ETE eta KAE 2 Ligako estropadek maila altua erakutsi zuten zapatuan Ondarroako uretan.

ETE Ligako estropada ospatu zen zapatuan Ondarroako uretan, eta zaleak gogoz hurbildu ziren Ondarroako portu aldera ikuskizunaren lekuko izatera. San Juanek irabazi zuen Ondarroako Udala Sari Nagusia, Zarautzen aurretik, eta horrekin batera, liga are gehiago estutu da: puntu bakarrera dago orain lidergoa. Arrosak izan ziren nagusi, eta hiru segundoko aldearekin nagusitu ziren.
Etxeko traineruari dagokionez, Ondarroak bere txandan nagusitasuna erakutsi zuen beste behin, liga honetan ohikoa bihurtu den moduan. Bigarren txandan aritu ziren, eta nahiz eta azken txandan aritu ziren traineruek baino denbora hoberik ez lortu, etxekoen jardunak bere fruituak eman zituen: sailkapen nagusian laugarren postuan sendotu dira, eta bosgarren dagoen Deusturi aldea zabaldu diote. Izan ere, Deusto zazpigarren sailkatu zen Ondarroako uretan.
Bestalde, Isuntzak estropada txukuna burutu zuen eta lan bikainaren saria jaso: bosgarren postuan amaitu zuen. Lekeitiarrak zortzi segundora helmugaratu ziren Ondarroarekiko, baina estropadako postu horri esker sailkapenean aurrerapausoa eman zuten. Lehen txandako Hernanirekiko tartea handitzea lortu zuten, eta bigarren txandan lehiatzen jarraitzeko aukera sendotu dute.
KAE 2 Ligari dagokionez, Oriok ez du etenik, eta zapatuan ere bera izan zen jaun eta jabe Ondarroako uretan. Ligako nagusitasuna berretsi zuten berriro, estropada barruan eta kanpoan ere ezartzen ari diren erritmo sendoari eutsiz.
Zapatuan Ondarroan bizitakoak agerian utzi du, berriz ere, Lea-Artibaiko emakumezkoen traineruek presentzia nabarmena dutela ligetan, eta etxean jokatutako estropadan, bai Ondarroak bai Isuntzak zaleen aurrean beren maila erakutsi zutela. Liga amaierara hurbildu ahala, datorren asteburuak lehia estu eta zirraragarriak ekarriko ditu, ziur aski.