Txapeldun izateko grina, hormaren kontra neurtuko da aste honetan
Ondarroako Pala Txapelketako lehen final-laurdenak jokatuko dira gaur arratsaldean, eta aste honetan ezagutuko dira lehen eta bigarren mailako txapeldunak

Ondarroako pala txapelketako sailkapen faseko partidak amaituta, erabakitzeko ordua heldu da: aste honetan ezagutuko dira lehen eta bigarren mailako irabazleak. Gaur arratsaldean (abuztuak 4) jokatuko dira lehen final-laurdenak, eta finalerdiak eta finalak ere jokatuko dira hurrengo egunetan, eguraldiak laguntzen duen bitartean.
Lehen mailako lehen final-laurdena Barru-Orma eta Etor-Ion bikoteen artekoa izango da. Irabazleak bihar (abuztuak 5) jokatuko den Txirloi-Mendibe eta Kaltzakorta-Varela arteko partidako garailearen aurka neurtuko ditu indarrak finalerdietan. Gaurko bigarren norgehiagokan, Zabala eta Liher arituko dira Olaitu eta Egiaren kontra. Bikote irabazleak Jonpu eta Epermendi izango ditu aurkari finalerdietan; azken hauek zuzenean sailkatu dira kanporaketa horretara.
Aurtengo edizioak ordezkapen garrantzitsua dakar: iazko txapeldunek ezin izan dute parte hartu, eta, beraz, txapeldun berriak izango dira bai lehen mailan, bai bigarrenean. Hala ere, maila handiko pilotariak ari dira parte hartzen, eta zaleek goi mailako partidak ikusteko aukera izan dute orain arte —eta izango dute oraindik ere—.
Final-laurdenetan arituko dira, besteak beste, iazko bigarren mailako irabazle Julen Ormazabal, aurreko edizioetako txapeldun izan diren Zabala eta Olaitu, edota iazko finalerdietan izan ziren Jonpu eta Epermendi. Horiez gain, Txirloi eta Mendibek osatutako bikote ondarrutarra ere faboritoen artean dago.
Txapelketa uztail osoan zehar jokatu da, eta frontoiaren berezitasunek lehiaketa berezi bihurtzen dute parte hartzaileentzat. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurtengo edizioan ere giro aparta egon da egunero-egunero, eta herriko publikoaren erantzuna “bikaina” izan da.
Final handia datorren zapatuan jokatzea aurreikusten da, abuztuaren 9an, Ondarroako jaien atarian, eta horrek are bereziago bihurtuko du txapelketaren amaiera.