«Zaldi gainean ibiltzea naturala izan da niretzat»

Nerea Azkueta (Etxebarria, 2008) adin gaztetik dabil zaldiketan. Espainiako txapelketetan emaitza bikainak lortu ditu, eta Europako Txapelketan parte hartzea du helburu. Bere zaldiarekin binomio sendoa osatzeko bidean da, eta kirol honetan goia jotzea du amets.
Nerea, 2008an jaioa izanik, oso gaztetatik hasi zinen zaldiketan. Zerrek bultzatu zintuen kirol hau probatzera?
Batez ere nire aitak. Aita gaztetan zaldian ibilitakoa da, eta azkenean, etxean hori ikustean, ni ere txikitatik zaletu nintzen mundu honetara. Azken finean, etxean beti izan ditugu bai zaldiak, bai poniak, eta niretzat oso naturala izan zen afizio hau hartzea.
Azken urte eta hilabeteetan nabarmendu zara txapelketa askotan. Zein izan da zuretzat bereziena edo hunkigarriena orain arte?
Nik esango nuke 2024ko Espainiako Txapelketa izan dela niretzat hunkigarriena. Txapelketa hartan 2. postuan sailkatzea lortu nuen, eta hori oso garrantzitsua izan da nire ibilbidearentzat, zaldi gainean.
Uztailean Europako Txapelketarako sailkatu zinen, baina adierazi duzu ez zaretela Poloniara joango. Erabaki hori hartzea zaila izan al da?
Nahiz eta sailkatuta egon Europako Txapelketarako, ez da zaila izan erabakia hartzea. Azken finean, 18 pertsona ginen, eta hautatzaileak seiren artean aukeratu behar zituen. Orduan, ez nintzenez izan hautatutakoetako bat, naturaltasunez hartu nuen erabakia.
Nire inspirazio iturri nagusia beti nire aita izan da. Egunez egun nire alboan dago, eta hori asko eskertzen dut.
Zure zaldiarekin, binomioa oraindik ez dagoela prest azaldu duzu. Zer da gehien lantzen ari zaretena bien arteko konexioa sendotzeko?
Konexio hori hobetzeko egin beharrekoa, argi eta garbi, gehiago entrenatzea da. Zenbat eta ordu gehiago eman elkarrekin, hobeto ulertzen dugu elkar. Oso argi daukat horrek konexioa hobetzen laguntzen duela. Denborarekin ikusten ari naiz esfortzu horrek fruituak ematen dituela eta konexioa gero eta hobea dela.
Zein da zure helburu nagusia epe ertain edo luzera begira? Europako mailan aritzea al da zure ametsa?
Hurrengo urtean Europako Txapelketara joatea da nire helburu nagusia. Bestalde, Espainiako Txapelketan ere garaikurren bat lortu nahiko nuke. Azkenik, daukadan beste zaldiarekin gauza berriak egiten hasi nahiko nuke hurrengo denboraldian.
Zer esango zenieke beste gazte batzuei, zaldiekiko zaletasuna duten baina oraindik hasten ari direnei?
Nik esango nieke aukera bat emateko animaliei. Mundu zoragarria da, eta asko ematen digu zaldi gainean ibiltzen garenoi. Beraz, benetan gustuko badute, has daitezela muntatzen, eta ikusiko dute nola oraindik eta gehiago gustatuko zaien.
Eta, azkenik, nork inspiratzen zaitu gehien zaldiketan? Baduzu erreferente edo eredurik diziplina honetan?
Nire inspirazio iturri nagusia beti nire aita izan da. Egunez egun nire alboan dago, eta hori asko eskertzen dut. Gero, profesionalki, Olinpiar Jokoetan parte hartu duten Carlos Diaz eta Albert Hermoso izan ditut beti oso gustuko.