Leokadik piztutako festak jarraipena izan du gaur Ondarroan

Atzo gauean, Leokadiren jeitsieraren ostean lehertu zen festa Ondarroan. Kortxeletik urtean zehar ikusi dituen gorabeherak kontatu zizkion Leokadik bere herriari, umorea eta kritika zipriztinduz. Ondoren, gainontzeko Kortxeleko Mamuekin batera kalejira handia egin zuten, ume, gazte eta helduen gozamenerako. Gauerdira arte luzatu zen parranda, giro alaian eta jendetza artean.
Gaurkoan (abuztuak 15), Andra Mari eguna da. Ohiko moduan, 10:30ean txistulariek esnatu dute herria, jai giroan murgilduta daudela gogoraraziz. 12:45ean aurreskua eskaini diote herriari, eta jarraian, Mutrikuko musika bandak Itsasaurre plazan kontzertua eman du, jada klasiko bihurtua.
Arratsaldean ere ez da festarik faltako. 17:00etan Gaztetxeak ateak irekiko ditu, sorpresak iragarriz; 17:30ean, berriz, esku pilota partidak jokatuko dira frontoian, Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldearen eskutik. 19:00etan, Artelan taldeko Erraldoi eta Buruhandiak ibiliko dira kalez kale.
Gauean, 22:30ean su artifizialak piztuko dira Arrigorri hondartzan, eta ondoren, 23:00etatik aurrera, dantza izango da nagusi: lehenik, Dantzarte talde herritarraren Hip Hop ikuskizuna, eta amaitzeko, Ainara Bentoren eskutik Zori-Ona dantza garaikidearen emanaldia.
Argazki galeria uneoro berritzen goaz, ekitaldiak aurrera doazen heinean.






























































































































































































































