Leokadi Kortxelean, amaitu dira Ondarroako Andramari jaiak
Asteburuan kuadrila eguna eta arrantzale eguna izan dira nagusi; azken horretan, Unai Diaz gailendu da kukañan, eta Leokadik eman dio amaiera jaiari urtero lez.
Arrantzale egunaren ostean, atzo bukatu ziren Ondarroako Andramari jaiak. Asteburuan zehar, herria eta bisitariak jai giroan murgildu dira, egunez zein gauez kaleak bete-bete eginda.
Zapatuan, abuztuaren 16an, kuadrila eguna izan zen. Fantasia gaia ardatz hartuta, herritar ugari mozorrotu zen, eta kaleetan giro bizia sortu zen egun osoan zehar.
Igandean, berriz, jaietako unerik bereziena eta jendetsuena ospatu zen: arrantzale eguna. Ondarrutarrentzat urtero egun garrantzitsua izaten den horrek goizetik piztu zuen giroa, kukaña lehiaketarekin. Marea kontuan hartuta, 11:00etarako egin behar izan zuten proba, eta horrek emandako berezitasunarekin hasi zen eguna. Unai Diaz nagusitu zen aurten Ondarroako lehiaketa ospetsuan.
Jarraian, herritarrek Zubi Zaharrean trapezio eta oihalen gaineko ikuskizun ikusgarriaz gozatu zuten Artaka elkartearen eskutik. Kalez kale ere musika eta dantza nagusi izan ziren, Atako bandaren urteroko ikuskizunaz.
Aldarrikapenak ere izan zuen bere lekua: 13:00etan, “Danak Etxea” lemapean manifestazioa egin zuten alamedatik. Arratsaldean, berriz, Bentazaharrako Neska-Mutiko Alaiak-ek giroa jarri zuten alde zaharrean, herritarrak euskal kantuen doinuak abestera bultzatuz.
Gauean, 23:30ean, Kortxeleko mamuen kalejirak hartu zuen herria, eta 00:00etan, Leokadi Kortxelera igo zen, urtero lez ondarrutarrei azken agurra eginez.
Erromeria, kontzertu eta DJ saioekin gauerdiko hamabiak pasa eta gero ere luzatu zen jaia, ordu txikietaraino. Horrela amaitu dira aurtengo Andramari jaiak Ondarroan, bizitasunez eta parte hartze handiz.