Aurrera KE nagusi Andramari sarian
Ondarrutarrek 2-0 irabazi zioten Mutrikuri, eta zale ugari bildu ziren Zaldupen; bi taldeek aurredenboraldia martxan dute

Ondarroako Zaldupe futbol zelaian jokatu zuten abuztuaren 14an Aurrera KEk eta Mutriku FTk, herriko jaien harira urtero ospatzen den Andramari sarian. Bi taldeen arteko partida zale askoren egutegian finkatutako hitzordu bilakatu da, eta aurten are ikusgarriagoa izan zen, aldagela berrien inaugurazioaren ostean. 2-0 nagusitu ziren ondarrutarrak, eta Aitor Txakartegi “Txakak” sinatu zituen bi golak.
Partidua lagunartekoa izan arren, giroak final handi baten tankera hartu zuen. Herritar ugari hurbildu ziren bi taldeek zaleen aurrean egin zuten lehen agerraldira.
Aurrera ilusioz eta aurpegi berriekin. Ondarroako taldeak aurten sekulako berrikuntzak aurkeztu ditu. Joan den denboraldian mailari azken unean eutsi ostean, lasaitasun handiagoarekin jokatzeko moduko taldea eraikitzen ari da. Zortzi fitxaketa berri egin dituzte, eta jubeniletik hiru jokalari igo dira. Zalapartarik handiena, ordea, Asier Etxaburu Pixkiren etorrerak piztu du.
Erdilari ondarrutarra kanpoan ibili da urte luzez, Athleticen harrobian hasi eta Eibarren, Real Unionen, Amorebietan, Portugaleten, Zamoran, Atletico El Pason edota Calahorran jokatuz. 2. mailan ere aritu zen Amorebietarekin, hogei partida eta bi gol eginda. Orain, etxera itzulita, zaleek itxaropen handiak dituzte Bizkaiko Ohorezko Mailan lehiatuko den taldearekin.
Mutrikuk egitura mantendu du. Mutrikuarrek, berriz, joan den sasoiko oinarria mantendu dute, eta aurredenboraldia bi aste lehenago abiatu zuten. Gipuzkoako Ohorezko Mailan finkatutako taldea da, eta aurten ere helburu nagusia mailari eustea izango dute, lasaitasunez eta egonkortasunez.
Aurtengo berritasun nagusia Lutxo Iturrino entrenatzaile berria da. Burumendiko jubenil taldean lan ona egin ostean, lehen taldea gidatzeko ardura hartu du. Esperientzia handiko mutrikuarra da, bai jokalari, bai entrenatzaile gisa, eta etxeko taldeari bere estiloa ematen hasi zaio jada. Andramari sariak, gainera, kamiseta berria aurkezteko ere balio izan zuen: hurrengo hiru urtetan Adidasek jantziko ditu mutrikuarrak, eta Iner Euskadi izango dute babesle nagusi.
Hala, Andramari sariko hitzorduak balio izan zuen bi taldeen aurredenboraldiaren argazki orokorra hartzeko: Aurrerak ilusioa piztu du aurpegi berriekin, eta Mutrikuk, berriz, egonkortasunaren aldeko apustua berretsi du.