Ondarroako uretan jokatuko dira Euskolabel eta Euskotren ligako estropadak

Zapatuan Ondarroako itsasadarrean egingo dituzte Euskolabel eta Euskotren ligako hurrengo jardunaldiak. Cikautxo sari nagusia izango da jokoan, eta estropadek lehia bizia ekarriko dute, bai emakumezkoen bai gizonezkoen artean.
17:25ean aterako dira lehenik Euskotren Ligako traineruak. Emakumezkoen gorengo mailako denboraldian Arraun Lagunak ari da nagusitasuna erakusten, azken urteetan bezala. Donostiarrak sailkapen buruan sendo doaz, baina Orio eta Tolosaldea estu saiatzen ari dira, urte osoan zehar lehia bizia mantenduta.
Ondoren, 18:20ean, Euskolabel Ligako gizonezkoen estropada izango da ikusgai. Orio da nagusi, 164 punturekin, eta alde handia du bigarren sailkatua den Zierbenarekin. Etxeko taldeari dagokionez, Ondarroak aurreko urteetan baino denboraldi apalagoa darama, baina jaitsiera postuetatik urrun dago. Lau estropada falta direla, helburua ahalik eta emaitza onenak lortzea izango da, eta horrela Ares gainditzea.
Bestalde, Lekittarra Lekeitioko taldea sailkapeneko 8. postuan dago gaur-gaurkoz. San Juanen atzetik puntu bakarrera dago, eta azken jardunaldietan aurrea hartzea izango du helburu. Aurreikuspenak betetzen badira, lehen zortzien artean amaitzeak beste bi estropada jokatzea ekarriko lioke taldeari.