San Antolinetako paella txapelketarako izen-ematea martxan

San Antolin jaietako ekitaldi ezagunenetako bat berriz ere egingo da Lekeition: paella txapelketa. Udalak jakinarazi duenez, izen-ematea gaurtik (abuztuak 19), abuztuaren 27ra bitartean egin beharko da, 15:00etatik 21:00etara, Kultur Etxean. Epe horretatik kanpo ez da onartuko izenik.
Parte hartzeko, talde bakoitzak datu hauek aurkeztu beharko ditu: taldearen izena, arduradunaren izen-abizenak eta kontaktua, aulkien kopurua (hiru euro bakoitza) eta mahaien kopurua (sei pertsonakoak, hamaika euro bakoitza). Halaber, aldez aurretik adierazi beharko da zenbat paella aurkeztuko diren; gutxienez hamar lagunentzako paella bat aurkeztu behar da talde bakoitzeko.
Txapelketaren egunean, irailaren 5ean, kuadrila bakoitzaren arduraduna 08:45ean egon beharko da kioskoan muntaketa lanetan laguntzeko. Epaileek paellen aurkezpena 13:30ean egingo dute, eta ostean banatuko dira sariak. Jai Batzordeak izendatutako hiru epailek erabakiko dituzte irabazleak, aurkezpena, zaporea eta puntuak baloratuta.
Udalak jakinarazi duenez, parte hartzaile bakoitzak bere tresneria (sua, bonbona, etab.) eta elikagaiak ekarri beharko ditu, plastikozko edalontziak ez dira onartuko. Bestalde, platerak eta tenedoreak udalak jarriko ditu. Ordainketa izen ematearekin batera, dirutan egin beharko da.
Azkenik, antolakuntzak azpimarratu du kuadrila bakoitzak bere gunea garbi utzi beharko duela txapelketa amaitu ostean; horretarako edukiontzi bereziak izango dira Kontzejupean.