Txomin Badiolak Mamuk eleberria aurkeztuko du Ondarroan

Txomin Badiola eskultore eta idazleak bere azken lana, Mamuk eleberria, aurkeztuko du abuztuaren 29an Ondarroako kofradia zaharrean. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da ekitaldia, eta egilearekin batera Leire Bilbao idazle ondarrutarra ariko da solasean.
Eleberria Ondarroako kortxeleko mamuen ingurukoa da, eta herrian bertan girotuta dago osorik. Istorioa XV. mendearen bukaeran hasten da: Béranger de Bourgogne maisu frantsesak enkargua jasotzen du kostaldeko Bizkaiko herri oparo batean eliza berritzeko lanari jarraipena emateko, aurreko maisuaren heriotza ustekabekoaren ondoren. Bere asmoen artean daude dekorazio misteriotsua eta irudi harrigarriak, ongia eta gaizkia irudikatzen dituzten erliebeak eta munstroak; laster herritarrek “mamuk” deituko dizkieten irudiak.
Proiektu monumental horren kontakizuna orainarekin uztartzen du Badiolak, denboran zeharreko elkarrizketa magiko eta emankorra eraikiz. Ondarroako Santa Maria eliza da testigu, gizakien gorabeherak eta artearen nahiz erlijioaren zeregina lotzen dituen pasarte koral batean. Pertsonaia anitz eta ahots desberdinen bidez, gizarte gatazkak eta gizakiaren zalantzak ekartzen ditu mahai gainera.
Badiolak duela aste batzuk eman zion HITZAri elkarrizketa bat eleberriaren inguruan; interesa dutenek irakur dezakete orduko solasaldia ere.