Martxan da Lekeitioko XXXIV. Zapaterito pilota txapelketa

Abuztuaren 12an abiatu zen Lekeitioko Zapaterito esku-pilota txapelketa, eta irailaren 4ra arte iraungo du. Astean bitan izango dira partidak: martitzen eta eguenetan, frontoian.
Txapelketa Akarregi Pilota Taldeak antolatu du, eta maila ezberdinetako pilota saioak ikusteko aukera dago: benjaminak, alebinak, infantilak eta nagusien lehen zein bigarren mailak.
Lehiaketa sistema ligaxka bidez antolatu dute. Bikote guztiek elkarren aurka jokatzen dute, eta irabazitako partida bakoitzagatik bi puntu eskuratzen dira. Partida galduz gero puntu bakarra biltzen da, eta agertzen ez diren bikoteek ez dute punturik lortzen. Ligaxka amaitzean, lehen bi sailkatuak zuzenean finalera pasako dira.
Parte hartze zabala izan da aurten ere. Nagusien lehen mailan lau bikote ari dira lehian, eta bigarren mailan hiru. Infantiletan bost bikote daude, eta benjamin mailan beste bost. Alebinetan, berriz, parte hartzerik handiena: hamar bikote, bi multzotan banatuta. Maila horretan finalaurrekoak ere jokatuko dira, multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuen artean.
Irailaren 4ko azken jardunaldiaren ostean jakingo da maila bakoitzeko txapelduna nor izango den.