«Sarraskia gelditu, Palestina askatu!» lelopean kalera aterako dira gaur Lekeition
«Sarraskia gelditu, Palestina askatu!» lelopean kalera aterako dira gaur Lekeition

Lekeitio-Palestina elkartasun taldeak mobilizazioa deitu du gaur, abuztuak 21, arratsaldeko 19:30ean, eskolapetik abiatuta. «Sarraskia gelditu! Palestina askatu!» lelopean egingo dute protesta.
Antolatzaileen arabera, «palestinarren aurkako genozidioa» salatzeko eta «imperialismoaren zapalketaren aurrean herrien askapen borrokak babesteko» izango da mobilizazioa. Adierazi dute Gazako egoerak «bizirako baldintza guztiak ukatu» dizkiela palestinarrei, eta «elikagaiak jasotzeko ilaretan tiro egin eta jendea erail» dutela.
Testuinguru zabalagoan kokatu dute deialdia: «Europako estatu boteretsuek AEBen menpe jarraitzen dute, eta OTANen logikak herri langileen kontrako gerra eta miseria dakartza». Horregatik, «Palestinaren askapen borrokarekin bat egitea, boikotak eta presio soziala indartzea» eskatu dute.
Mobilizazioarekin, Lekeitioko taldeak euskal herritarrei dei egin die «palestinarren aldeko elkartasun praktikoa erakusteko», eta «mundu mailako herri zapalduen borrokak elkarren artean lotzeko».