Atletismo erakustaldia egingo dute domekan Ondarroako Arrigorri hondartzan

Bigarren urtez jarraian, atletismoak lekua izango du Ondarroako Arrigorri hondartzan. Domeka honetan, abuztuaren 24an, erakustaldi eta froga ugari antolatu dituzte, 12:00etan hasita, Ondarroako Atletismo Taldeak eta Udalak elkarlanean.
Haurrek izango dute lehenik protagonismoa; ondoren, luzera jauziko eta xabalina jaurtiketako erakustaldiak egingo dituzte hainbat kirolarik. Luzera jauzian Xabat Oar-Arteta, Damian Ares eta Olaia Zatika ariko dira; xabalina jaurtiketan berriz, June Kortazar eta Unai Aldama.
Ondoren etorriko da jaialdiko une bereziena: hondartzako 4x erreleboen froga. Lau talde ariko dira elkarren aurka. Ondarroaren ordezkariak izango dira Unax Solabarrieta, Irati Solabarrieta, Garazi Agirre eta beterano ezaguna den Orkatz Beitia. Durangoko taldea osatuko dute Bittor Etxegibel, Naia Jaio, Ibai Rodriguez eta Noa Sevilla. Gernika-Lumoren izenean, Oier eta Aitor Beaskoetxea, Irati Fernandez eta Udane Marcos lehiatuko dira. Lea-Ibarratik, berriz, Mikel Dolaraga, Ainara Mugartegi, Xabat Oar-Arteta eta Olaia Zatika ariko dira.
Antolatzaileen esanetan, helburua da herrian atletismoaren ikusgarritasuna handitzea, eta herritarrei kirola gerturatzeko gonbita egitea. Eguraldia lagun bada, ikusgarria izango da domekako saioa Arrigorri hondartzan.