Berriatua izango da aurtengo txondorraren lekuko

Berriatuan egingo dute aurten txondorra. Udalak iragarri duenez, abuztuaren 30ean hasiko dira muntaketa lanak, eta irailaren 2an piztuko dute. Ondoren, irailaren 11ra arte iraungo du egosketak.
Azken urteotan Markina-Xemeinen, Eltzaburun, Goizuetan eta Lekunberrin izan dira txondorraren muntaiaren testigu, eta aurten Berriatuari egokitu zaio ardura hori. Herriko Udalak herritar guztiak animatu ditu ekimenean parte hartzera, bai muntaketa lanetan, bai pizte eta egosketa garaian ere.
Txondorrak egurra ikatz bihurtzeko antzinako teknika jasotzen du, eta hainbat herritan berreskuratu dute azken urteetan, kultur transmisioa eta ohitura zaharren ezagutza bultzatzeko asmoz. Herritarrek prozesua gertutik bizitzeko aukera izango dute, eta herri giroa indartzeko balioko du ekimenak.