Lekeitio FTek hiru futbol txapelketa antolatu ditu San Antolin jaien harira

Lekeitio Futbol Taldeak San Antolin jaien baitako futbol txapelketak aurkeztu ditu. Abuztuaren 29an eta 30ean, baita irailaren 4an ere, jubenil, kadete eta senior mailako norgehiagokak jokatuko dira Kepa Naberan futbol zelaian. Helburua da denboraldi berriari ongietorria ematea eta zaleei maila ezberdinetako futbolaz gozatzeko aukera eskaintzea.
Lehen hitzordua abuztuaren 29an izango da. Jubenilen txapelketan lau talde ariko dira: Lekeitio FT, Athletic Club, Deportivo Alaves eta SD Eibar. 17:00etan hasiko dira finalerdiak, eta 20:00etan jokatuko da finala.
Hurrengo egunean, abuztuaren 30ean, kadeteen txanda izango da. Goizean zehar jokatuko dute euren txapelketa Lekeitio FT, Athletic Club, Deportivo Alaves eta Real Sociedaden artean. Lehen finalerdia 10:00etan jokatuko da, eta 13:00etan izango da final handia.
Azkenik, senior mailako norgehiagoka irailaren 4an izango da: Lekeitioko lehen taldeak Markinako Artibai FT izango du aurkari. Lagunarteko partida horretan erabakiko da San Antolin txapelketaren irabazlea.