Diasporaren Eguna Markina-Xemeinen ospatuko da irailaren 8an

Zesta-puntako pilotariak izango dira aurtengo protagonistak; Markina-Xemeingo Udal Pilotalekuan egingo da ekitaldi nagusia.
Euskal Diasporaren Eguna Markina-Xemeinen ospatuko da aurten, irailaren 8an. 2018tik, urtero, herri bat aukeratzen du Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako Sailak, eta han egiten da ospakizun nagusia. Aurten, zesta-puntari lotutako pilotariak eta haien ingurune hurbila izango dira omenduak, Markina-Xemeingo UNI frontoian egingo den ekitaldian.
Miguel Angel Bilbao Aretxabaleta adituak prestatu du ekitaldiko testua. Nabarmendu duenez, zesta-punta euskal pilotaren modalitate internazionalena da, eta markina-xemeindar pilotariek izan dute zabaltze horretan zeresan handia: profesional askok, urteetan zehar, kontinenteetan barna hedatu dute kirola. Horregatik, «aukera ezin egokiagoa» dela azpimarratu dute Markinan Diasporaren Eguna ospatzeko.
UNIk “pilotaren unibertsitatea” ezizena ere badu, eta han trebatu dira ehunka pilotari profesional. Herriko eta bertatik kanpoko pilotari, kantxazain, entrenatzaile, federazioko kide eta bestelako eragileei gonbidapena luzatu diete bertaratzeko.
Diasporaren Eguna ez da Euskal Herrian bakarrik ospatzen: mundu osoan barreiatutako euskal etxeek ere egun horretan egiten dituzte ekitaldiak. 100 baino gehiago antolatzen dira urtero, irailaren 8aren bueltan.
Ekitaldia 18:00etan hasiko da Markina-Xemeingo Udal Pilotalekuan, eta antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.