Sekulako giroa Ondarroako atletismo erakustaldian.

Joan den igandean, Arrigorri hondartza atletismoaren agertoki bihurtu zen. Eguerdiko 12:00etan, eguraldia lagun, hondartza jendez lepo zegoela baliatu zuten herriko atletismo taldeak eta udaleko kirol arduradunek, kirol gutxituari ikusgarritasuna emateko eta umeen artean zaletasuna pizteko.
Parte hartu nahi zuten haur guztiek aukera izan zuten hondarrean antolatutako probetan aritzeko. Guztiek jaso zuten saritxo bat, ekitaldian izandako parte hartzea aitortzeko. Ondoren, atleten txanda izan zen: Xabat Oar-Artetak, Damian Aresek, Olaia Zulaikak, June Kortazarrek eta Unai Aldamak luzera jauzi eta xabalina jaurtiketako erakustaldiak egin zituzten.
Eguneko unerik garrantzitsuena, ordea, 4x hondartza errelebo lasterketa izan zen. Lau taldek hartu zuten parte: Ondarroak, Durangok, Gernika-Lumok eta Lea-Ibarrak. Publikoak, gainera, Orkatz Beitia atleta beteranoa berriz ere lehiatzen ikusteko aukera izan zuen; kirolari entzutetsua erreferente handia da oraindik eskualdean.
Antolatzaileen arabera, «sekulako giroa» sortu zen Arrigorri hondartzan, eta helburua bete zuten: atletismoari bultzada eman, eta gaztetxoen artean kirolarekiko grina piztu.