‘Betiko Bizkaia’ erakusketa inauguratu dute Ispasterren
Gaur [irailak 10] egin dute inaugurazio ekitaldia eta hurrengo asteetan Iñigo Egiluz plazan egongo da ikusgai.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Betiko Bizkaia erakusketa Ispasterrera heldu da. Gaur [irailak 10] egin dute inaugurazio ekitaldia eta bertan izan dira Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkatea, Ainhoa Arrizubieta Leartibai Fundazioko zuzendaria eta Leire Saez Rios aldundiko turismoko zuzendari nagusia. Erakusketa herriko Iñigo Egiluz plazan dago jarrita eta hurrengo bi asteetan egongo da ikusgai.
Erakusketaren diseinuak indartu egiten du “oroitzapen bakoitza oroimen kolektiborako ate bat delako ideia, herri gisa lotzen gaituena aitortzeko gonbidapena”. Proiektuak “kohesio, nortasun eta kultura eta turismoa sustatzeko elementu gisa duen balioa” azpimarratu du Saenz de Buruagak. “Pozik” agertu da alkatea erakusketa Ispasterren izateagatik eta batez ere herritarrak gonbidatu ditu bertaratzera eta gure inguruaz eta Bizkaiaz gehiago jakitera.
“Bizkaitarrok gure lurraldea gehiago eta hobeto ezagutzeko modu bat da erakusketa. Izan ere, batzuetan ez dakigu zer daukagun gure inguruan gure historia jakiteko bestelako era bat da. Era berean, turismoa erakartzeko modu bat izan daiteke”, adierazi du. Erakusketa “erakargarriagoa eta erabilgarriagoa” izateko QR-ak jarri dituzte eskaneatu ahal izateko. Bertan, hurbiltzen direnek Jon Uriarte idazlearen beraren ahotsean entzun ahalko dute toki bakoitzaren inguruko informazioa.
Erakusketa izen bereko liburuan oinarrituta dago. Liburuko testuak Jon Uriarte kazetariak idatzi ditu eta ilustrazioak Tomas Ondarrak egin ditu. Saezek batez ere ilustrazioak nabarmendu ditu, “Bizkaiko arima islatzen du paisaia, lanbide eta eszena kostunbristei ikuspegi artistiko paregabea ematen die”. Hain zuzen ere, turismo zuzendari nagusiak gogoratu du 2024ko Gabonetan gehien saldu den liburuetako bat izan dela eta erabateko arrakasta izan dela. “Argitalpenak eguneroko bizitzaren aberastasuna erakusten du: paisaiak, jaiak, tradizioak eta, eraldatuta egon arren, nortasun kolektiboaren parte izaten jarraitzen duten pertsonak”.
Toki nabarmena
Saezek nabarmendu du Lea-Artibai eskualdeak “toki nabarmena” duela argitalpenean eta erakusketan, “itsas eta kontserba-tradizioari, baserrien arkitekturari, nekazaritzaren eta arrantzaren indarrari eta eremua definitzen duen ondare natural eta kulturalari erreferentzia eginez”. Azaldu duenez, liburuan jasotako istorioek eta oroitzapenek erakusten dute Lea-Artibaik oreka mantentzen jakin duela “tradizioaren eta modernitatearen artean, tokiko sustraitzearen eta mundura zabaltzearen artean”. Besteak beste, Markina-Xemeingo Uni frontoia, Lekeitioko Santa Katalina itsasargia edota Ziortza-Bolibarko kolegiataren inguruko informazioa agertzen da.