Uni frontoiak hartuko du II. Bullet Teams Series txapelketa
Barikuan [irailak 12] hasiko da eta txapelketa talde mistoek osatuko dute.

Jon Bullet Zabala puntistak bultzatuta, eta Guuk enpresaren laguntzagaz, II. Bullet Team Series txapelketa hartuko du Uni frontoiak barikuan hasi [irailak 12] eta urriaren 11ra arte. Talde mistoz osatutako Euskal Herriko zesta-puntako txapelketa bakarra da eta aurten berritasunekin dator. Iaz ez bezala, Markina-Xemeingo frontoiak hartuko du txapelketa osoa eta luzaeran ere laburtu dute.
“Formatua aldatu dugu, eta egunak eta lekua kontzentratu egin ditugu. Lehen txapelketan, maiatzetik urrira bitartean jokatu zen lehiaketa Euskal Herriko zenbait frontoitan, baina aurten Markina-Xemeingo frontoian eta lau astez soilik jokatzea erabaki dugu, antolakuntzaren logistika errazteko eta jendeak emaitzen emozioari etenik gabe euts diezaion”. Era berean, aurten, taldeen osaketan ere aldaketak egin dituzte: taldeak bi bikotek osatzen dituzte, emakumezko batek eta gizonezko beste batek; iaz, seiko taldeak txandakatzen ziren.
Aldatu ez dena txapelketaren helburua da, hau da, kirolari jarraikortasuna eta etorkizuna ematea: “ Zesta-puntako belaunaldi berriei laguntzen jarraitzeko eta kirol honi berriro indarra hartzen laguntzeko helburuarekin abiatu dugu”. Bide beretik jo du Juanan Goñi Guuk-eko zuzendari nagusiak: “Erronka zen zestalari amateurrentzako ligaxka bat sortzea, talde mistoz osaturikoa, orain arte ez baitzegoen halako eskaintzarik”.
Alde horretatik, partidak Youtube bidez eskainiko dituzte, “zesta-puntarekiko zaletasuna jende gehiagoren artean zabaltzeko”. Frontoia bertan ikusi nahi dutenentzako, sarrerak bulletteamseries.eus webgunean daude salgai edo egunean bertan frontoiko lehiatilean. Partidak bariku eta zapatuetan 19:00etan eta domeketan 11:30etik aurrera jokatuko dituzte.
Sei taldek osatuko dute txapelketa, eta bakoitzak kapitain bat izango du. Hurrengokoak dira taldeak:
- Arrosa: Maite-Maia eta Txanika-Atain II. Kapitaina Joseba Zuluaga.
- Morea: Naroa-Arai eta Celaya-Oyhenard. Kapitaina Atain.
- Gorria: Elaia-Maialen eta Cosme-Bailo. Kapitaina Antxon Alberdi.
- Urdina: Lur-Frida eta Arbe-Salegi. Kapitaina Urbieta.
- Beltza: Erika-Alize eta Aaron-Argoitia. Kapitaina Roberto Lekue.
- Zuria: Elena-Ihart eta Bixente-Uranga. Kapitaina Mikel Elkoro.
Egutegia:
1. jardunaldia (irailak 12-14)
-
Barikua: Talde zuria vs Talde urdina
-
Zapatua: Talde arrosa vs Talde beltza
-
Domeka: Finala
-
Atsedena: Talde gorria eta talde morea
2. jardunaldia (irailak 19-21)
-
Barikua: Talde zuria vs Talde arrosa
-
Zapatua: Talde gorria vs Talde morea
-
Domeka: Finala
-
Atsedena: Talde urdina eta talde beltza
3. jardunaldia (irailak 3-5)
-
Barikua: Talde urdina vs Talde gorria
-
Zapatua: Talde beltza vs Talde morea
-
Domeka: Finala
-
Atsedena: Talde zuria eta talde arrosa
4. jardunaldia – Azken fasea (urriak 10-11)
-
Barikua: Finalerdiak (4 partida)
-
Zapatua: Txapelketako Final Handia