Lekeitioko Energia Berriztagarrien Komunitatea martxan jarri da
Elkartea sortu berri dute eta ekintzak antolatzen hasi dira: eguenean [iraila 18] solasaldia egingo dute inguruko beste komunitateekin.
Aspalditik klima larrialdiaren ingurukoak bolo-bolo daude nonai, baita Lekeition ere. Horregatik, urte hasieran Lekeitioko Energia Berriztagarrien Komunitatea sortu zuten. Hasteko, herritarren aurrean aurkezpena osatu zuten apirilean, eta beraien helburuak eta lan egiteko moduak aurkeztu zituzten. Gero, herritarrengana jo zuten, talde motorrean edo lan taldeetan parte hartzeko interesa zutenentzat lehen bilera bat egin zuten.
Orain, berriz, lehen helburua lortu dute, dagoeneko elkarte izaera hartu dute juridikoki. Hori bakarrik ez, eta martxan hasi dira Lekeition ekintzak prestatzen. Hain zuzen ere, eguenean [irailak 18] egingo dute lehendabizikoa. Inguruko energia komunitateekin solasaldia egingo dute Ea, Ispaster, Lea Ibarra eta Ziortza-Bolibarko komunitateetako ordezkariekin. Jardunaldia 18:30ean hasiko da Kultur Etxeko Azkue aretoan.
“Inguruan dagozen Energia Berriztagarrien Komunitate desberdinen ereduak ezagutu, euren bizipenak partekatu edota esperientzien berri emango digute”, azaldu dute. Beraz, gai horren inguruan interesa duen edonori zuzendutako solasaldia izango dela azpimarratu dute eta bertaratzeko deia egin dute.
Etorkizunerako lanean
Baina behin martxan ipinita, Lekeitioko Energia Berriztagarrien Komunitatetik aurreratu dute epe laburrean bestelako jardunaldiak antolatuko dituztela. Elkarte izaera hartzea “azken pauso garrantzitsutzat” hartu dute eta orain bestelako lanketekin hasi dira: “Talde berria gara eta lana oso boluntarioa da, lehen lanketak osatzen ari gara, gure beharrak ikusten eta aztertzen. Esate baterako, dagoeneko logotipo berria sortu dugu eta sare sozialen inguruko hausnarketa osatzen ari gara”.
Horrez gain, hurrengo hilabeteetarako bestelako ekintzak antolatzen hasiak dira. Azaldu dutenez, askotarikoak dira ekimenak; tailerrak, bulego ibiltariak, hitzaldiak… “Bertan klima larrialdia eta energia berriztagarrien arlo desberdinak landu nahi ditugu: fakturen azalpenak, eraginkortasun energetikorako neurriak, legediaren inguruko azalpenak, pobrezia energetikoa edota mugikortasun jasangarria”, adierazi dute. Aurreratu ahal izan dute ekintza gehienak eguenetan izango direla eta Azkue aretoan elkartuko direla.