Olatuaren gainean surf egiteko hitzordu "bikaina", Surf Egunekoa
Eguraldia lagun izan zuten Artzabal Surf Elkartekoek zapatuan Mendexan antolatu zuten Surf Egunean, eta, azken urteetan ez bezala, olatu handiak ere agertu ziren. Egunak izan zuen parte hartze "zabala eta aberatsa" nabarmendu dute antolatzaileek.
Surf Eguneko parte hartzaileetako batzuk, Karraspion.Artzabal Surf Elkartea Olatuen gainean dantzan ibili ziren surflariak zapatuan (irailak 13) Mendexan. Artzabal Surf Elkarteak Surf Eguna antolatu zuen 12.aldiz, eta “pozarren” ibili zirela eta “giro aparta” nagusitu zela ondorioztatu dute elkarteko kideek, egunaren balorazio “oso positiboa” eginez.
Eguraldia lagun izan zuten, eta, azken urteetan ez bezala, olatu handiak izan zituzten aurtengoan. “Sekulako balorazio ona egin dugu, ze eguraldi onaz gain, aspaldiko partez olatuak ere eduki genituen. Inoizko olatu handienak izan ditugu, ze azken urteetan eguraldiak errespetatu egin gaitu baina olatu gutxi izan ditugu. Beraz, aurtengoa oso polita izan da”, azaldu dute antolatzaileek. Nabarmendu dute “ausartak” izan direla parte hartzaileak.
Aurton, aldaketa batekin etorri da Surf Eguneko lehiaketa. Izan ere, lehia horretan lagunarteko giroa nabarmentzeko helburuz, Expression Session eran egin dute, taldeka. Taldeak lau pertsonakoak izan behar ziren, eta bakoitzean Bodyboarding egiten zuen partaide bat, surflari nagusi bat, neska bat eta gazte bat egon behar ziren. Hala, denetara 15 taldek izena eman zuten, 60 pertsonak, eta parte hartzea “benetan zabala” izan zela azpimarratu dute.
Parte hartze zabal hori, baina, goizean egin zuten surf ikastaroan ere izan zuten. Izan ere, 80 pertsona aritu ziren olatuak hartzen Karraspio hondartzan. “Parte hartzaileen aldetik erantzun bikaina jaso genuen, jende asko hurbildu zen. Adin guztietakoek parte hartu zuten gainera, 4 urteetatik 40 urtera arteko jendea ibili zen; batez ere umeak animatu ziren, eta txikienak gurasoen laguntzagaz igo ziren surfeko ohol gainera. Oso gustora geratu ginen guztiok”, azaldu dute antolatzaileek. Hasieran, olatu handiekin “ikara apur bat” izan bazuten ere, “ondo” moldatu zirela denak ala denak diote.
Gainera, aurten lehenengoz dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako surf egokitua eta inklusiboa praktikatzeko aukera eskaini dute Artzabal Surf Elkartekoek, eta Lekeitioko Paulek parte hartu zuela azpimarratu dute. “Paule umetatik egon da gurpildun aulkian, mugikortasun arazoak dituelako, baina olatuak hartzen ibili zen Haszten fundazioko kideekin, eta ederra izan zen. Aukera eskaini gura izan genuen, eta oso aberasgarria izan zen. Familia ere eskertuta agertu zen, oso pozik”, gogoratu dute. Elkarteko bi monitorek ere Paulegaz parte hartu zutela esan dute, eta “oso pozik” ibili zirela.
Praktikatzen eta ikasten.
Goizeko egitarauagaz amaitutakoan, arratsaldean, Axi Muniain surflariagaz elkartzeko aukera izan zuten Karraspion bildutakoek. Elkartekoak beti ahalegintzen dira profesionalen bat Mendexara ekartzeaz, eta Muniain ekarri dute aurtengoan. Hark olatu handietan erabiltzen dituen surf-oholak erakutsi zizkien, baita argazki eta bideoak ere. Eta, beragaz batera, Peruko Chicho surflaria bertaratu zen Mendexara, bere komunitateak duela milaka urte erabilitzen zuen Totora izeneko surf-ohola erakustera eta horren istorioa kontatzera.
Gero, Jaimones taldeak eskainitako kontzertura ere jende asko bertaratu zela gehitu dute, balorazio orokor bikaina eginez.
Izan ere, surfa herritarren artean zabaltzeko eta kirol horri herrian lekua emateko eguna da Artzabal Surf Elkartekoek antolatzen dutena: “Gu 150 partaide gara elkartean, baina gutaz aparte, egun horretan, askoz ere jende gehiagok parte hartzen du, bai lekeitiarrak direnak, bai mendexarrak direnak. Eta parte hartze aberatsa izan genuen”.
Auzpolanean antolatzen duten eguna da Surf Eguna, elkarregaz egotekoa, eta eskerrak eman dizkiete eguna antolatzen lagundu dieten guztiei, baita Lekeitioko Udalari eta Mendexako Udalari ere: “Gu izatez, Lekeitioko kluba gara, baina Mendexan dugu elkartea. Mendexako Udalak dena gune asko uzten dizkigu eta jasotzen dugun laguntza eskertzen diegu biei”.
Argazkiak: Artzabal Surf Elkartea