“Zoragarri” hasi dira 37. Ziortzako Kontzertu Zikloak
Lehen asteburua “oso ondo” joan da eta bigarrena ere “oso berezia” izango dela aurreratu dute.

37. Ziortzako Kontzertuak musika zikloak “hasiera zoragarria” izan du. Emakumeek XVII. mendean idatzitako lanak aurkeztu zituen Franck Emanuel Comtek zapatuan [irailak 13] eta domekan [irailak 14], ordea, XVIII. mendera egin zuten jauzi Fahmi Alqhai zuzendariaren eskutik. Antolatzaileek artisten kalitatea nabarmendu dute eta biak ala biak “oso ondo” joan zirela adierazi dute. Kontzertuak “magia momentuak” bilakatzen direla diote, denak erabateko isiltasunean murgiltzen direlako eta kontzertuaren beraren xehetasunak aditzeko gaitasuna dagoelako.
Hala ere, zelan ez, kontzerturik bereziena Ziortzako organoarena izan zen. Duela 30 urte berriztu eta gero, aurten, abuztuan, “goitik beherako” garbiketa egin zioten eta orain emaitzaz gozatu ahal izan zuten entzuleek: “Soinua erabat desberdina da iazkoagaz alderatuta. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako organorik zaharrena da, eta orain are eta bereziagoa da”.
Ikusleen aldetik, “pozik” amaitu zutela azpimarratu dute antolatzaileek. Azaldu dutenez, zapatuan hurbildu zen jende gehien, 450 pertsona inguru, baina, hala ere, domekan ere ia 400 lagun elkartu ziren. “Azkenean badakigu non gauden eta batzuetan zailagoa dela hurbiltzea, horregatik, bestelako kontzertuak eskaintzen ahalegintzen gara”, azaldu dute. Desberdina edo ohikoa ez den zerbait aurkitzeko “lan handia” dagoela aitortu dute. “Maila oso altuko kontzertuak erakartzen ditugu eta azkenean neurri batera heltzen gara iaz ezinezkoa dela hobetzea, baina mantentzen bakarrik ez, gainditzen ere saiatzen gara”.
Programa anitza
Bigarren astebururako ere kontzertu bereziak dituzte prest. Hain zuzen ere, ia-ia etxekoa den taldeak emango dio hasiera zapatuan [irailak 20], 18:00etan, Propitia Sydera Bilbao orkestra barrokoak. Pierre Hantai klabezin eta zuzendari famatuak Construyendo el Clasicismo izeneko programa eskainiko du 2018tik Ziortza-Zenarruzako Jaialdiko orkestra egoiliarragaz.
Domekan, 13:00etan, [irailak 21] Oscar Candendo Zabalak goiko organoa, zaharrena, joko du eta XVI. eta XVIII. mendeetako abestiak interpretatuko ditu Europan zehar bidaia bat eginez. Arratsaldean, 18:00etan, jaialdiari amaiera Al Ayre Español taldeak emango dio, “beti saiatzen gara izen handiko musikariak oraindik hainbesterako ohiartzuna ez dutenekin uztartzen, baina denak ala denak maila ikaragarrikoak”. Alessandro Scarlattiri omenaldi bat izango dela aurreratu dute.