21 postu izango ditu Ispasterko nekazal azokak
Zapatuan [irailak 20] 11:00etatik 14:00etara egongo da azoka zabalik.
Ispasterren iraila bete-betekoa da, hilabete guztian zehar askotariko ekintzak antolatzen dituzte mendi martxatik hasita. Hain zuzen ere, asteburuan egiten dituzte eta oraingoan ohiko nekazal azokaren txanda da. Zapatuan [irailak 20] egingo dute, 11:00etatik 14:00etara, plazan. Bertan, Ispasterko Udalak eta Lea-Artibai Landa Garapen elkartearen eskutik 21 postu jarriko dituzte, hau da, iazko kopuru berdina.
Azken urteetan bezala, askotariko produktuetaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek: esnekiak, okela, barazkiak eta beste produktu asko eskaintzen. Aurten ere, taloak egiten ariko dira eta beti bezala ilara luzeak sortzea aurreikusten dute. Animaliak ere ez dira faltako, umeek batez ere hurbiletik ikusi eta ikutu ahal izateko aukera emango dute. Besteak beste, behiak, zaldiak, astoak, poniak edota ahuntzak eta akerrak ekarriko dituzte.
Berritasuna da Lekeitioko Bolillerak ere Ispasterrera bertaratuko dira. Antolatzaileak “pozik” agertu dira azokara berriro ekarri dituztelako, “euren lan ikusgarria ikusi eta nola lan egiten duten ikusteko aukera izango dugu”. Horrez gain, Ion Dufurrena kaikugileak ere tailerra emango duela aurreratu dute.
“Bertoko produktoreei haien produktuak erakutsi eta saltzeko aukera eman nahi diegu. Era berean, gure herritarrei ere inguruko produktuez gozatzeko parada ematea da helburua”, adierazi dute antolatzaileek. Horregatik, udaletik herritarrei bakarrik ez, inguruko herrietako bizilagunei bertaratzeko deia egin diete: “Etorri eta gozatu giro ederraz, tokiko produktuez eta artisau lan paregabez”.