Animalien labar pintura berriak aurkitu dituzte Armintxe koban
Duela 16-19 mila urteko grabaketak dira. 2024tik daude ikerketa proiektu bat garatzen bertan.

Gamiz-Fikan aurkitutako historiaurreko labar arteko aztarnategiaren aurkikuntzaren berri eman zuen atzo [irailak 17] Bizkaiko Foru Aldundiak. Baina aldi berean Lekeitioko Armintxe koban egindako beste aurkikuntza bat ere azaldu zuten. Hain zuzen ere, labar pintura berriak aurkitu dituzte bertan, animalien grabatu multzo berri bat da, duela 16-19 mila urte ingurukoak.
Armintxe kobako labar arte paleolitikoa duen aztarnategia ADES elkarte espeleologikoak aurkitu zuen 2016an, eta Juan Carlos López Quintanak eta Cesar González Sainzek ikertu dute. 2024tik, Iñaki Intxaurbe buru duen taldeak ikerketa proiektu bat garatzen du bertan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lekeitioko Udalak diruz lagunduta, “kobaren zehaztasun handiko berreraikuntza tridimentsional bat erdiesteko”, biki digitala izenekoa.
Hiru dimentsioko datuak hartzen ziren bitartean, Goi Galerian, animalien grabatu multzo berria aurkitu dute; zehazki, goranzko posizioan dagoen ahuntz bat, bisonte handi bat eta beste bi animalia irudi txiki, ziur aski bisonte bat eta beste animalia baten lerro zerbiko dortsala.
“Figurok atzamarrekin edo tresna kamuts batekin grabatuta daude kareharrizko paretaren gainean eratzen den geruza buztintsuan. 19-16 mila urte inguru dituzte. Lortutako xehetasun topografiak eta barrunbearen formazio eta garapen prozeduren gaineko azterketek posible egiten dute zehatzago baloratzea nolakoak diren kobaren uholde prozesuak, nola eragiten dioten labar-arteari eta zer neurri hartu behar diren egoki kontserbatzeko”, azaldu dute.
Ikerketa lan horiek aprobetxatuz, ingurumen monitorizazioa egiteko sistema autonomo bat instalatu dute, LabCertis enpresak diseinatua eta ezarria: hiru sentsore multiparametriko (tenperatura, hezetasun erlatiboa eta CO2 neurtzeko), maila hidrostatikoko hiru zunda eta urruneko unitate zentral bat, datuak etengabe erregistratzeaz eta transmititzeaz arduratzen dena.
“Sistema horri esker, informazio kritikoa lor daiteke labar-artearen kontserbazioan eragiten duten arriskuei aurrea hartzeko, hala ibaiaren dinamika hidrogeologikotik nola baldintza mikroklimatikoetatik eratorritakoei”, diote.