Txondorra plaza bilakatu dute
Txondorra piztu dute Berriatuan. Abuztuaren 30ean hasi zituzten muntaketa lanak, irailaren 2an piztu zuten eta duela astebete atera zuten ikatza. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektua dago atzean.
Euskal Herriko beste leku askotan bezala, garai batean txondor asko egiten ziren Lea-Artibain. Auzolanean egindako azkena Markina-Xemeinen egin zuten, 2018ko abenduan. Orain, Berriatuaren txanda izan da, Etxebarria baserri ondoan. Abuztuaren 30ean hasi zituzten muntaketa lanak, irailaren 2an piztu zuten eta hilaren 12an atera zuten ikatza, Aitxe Kutz jaien baitan.
Arrazoia, ordea, oso bestelakoa izan da: Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektua. Nafarroako Basaburu bailarako Argi Malutak konpainiari egokitu zitzaion Berriatuan egonaldia egitea. Txondor Plaza izeneko ikuskizuna prestatu zuten, eta egonaldian txondorra egiteko proposamena luzatu zuten. “Pozik eta irrikaz jaso genuen, eta ezjakintasun handiagaz, agian, horrek bultzatu gaitu aurrera egitera, baina egia esan, merezi izan du. Azken batean, atzetik dagoen lana eta jakintza ikustera eraman gaitu”, esan du Joseba Gojenola Berriatuko alkateak.
Txondor Plaza emanaldiak antzerkia eta zirkua uztartuko dituela aurreratu du Txetxu Collado konpainiako kideak. Ondo bidean, 2026ko otsailean estreinatuko dute Berriatuan. “Gure proposamen zoro hau aurrera eramateko herriak erakutsitako erantzunagatik eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen”, adierazi du.Â
Azaldu duenez, obraren inspirazioa Tasio filma da. “Duela gutxi izan da bere 40. urteurrena, Donostiako Zinemaldian zaharberrituta eman zuten, eta niri bertako unibertsoa izugarri erakargarria iruditu izan zait betidanik. Interesgarria iruditu zitzaigun unibertso hori beste eremu batera eramatea, antzerkira”. Izan ere, proposatzen duten lana “landa antzerki” gisa definitu du Colladok, “txondorrak egiten ziren plazetatik ahalik eta gertuen eskaini nahiko genituzkeelako emanaldiak, landa eremuan”.
Baina, noski, txondorra egin beharra dago. Goizuetako eta Oñatiko txondorgileen laguntza izan dute muntaketan, piztueran eta mantentze lanetan: “Gure ezjakintasuna gidatzen eta zuzentzen asko lagundu digute”. Euskal Herrian oso gutxi dira egun txondorgintzari jarraipena ematen diotenak; Goizueta da horietako bat. Bertan ofizioak oso bizirik jarraitzen du.
Baina txondorrak 24 orduko mantentze lan handiak eskatzen ditu. Horregatik, egun guztietan zehar herritarrek erakutsitako laguntasuna eta elkartasuna goraipatu nahi izan ditu alkateak. Era berean, azpimarratu du arrakasta “erabatekoa” izan dela, espero zutena baino askoz handiagoa. Herrian deialdia zabaldu zuten, eta erantzuna bikaina izan da. 90 lagun inguru aritu dira lanean; txandak antolatzeko Whatsapp taldea sortu zuten, eta bakoitzak lan egin ahal zuen orduak jartzen zituen bertan.
Izan ere, txondorra egiteko behar den “jakintza eta teknika” nabarmendu dute denek ala denek. Edozeinek muino bat ikusten duten tokian, barruan egur zati asko daude modu zehatz batean jarrita. Txondorrak “ukitu magikoa” izan duela nabarmendu du alkateak: “Azken batean, elkargune bat bezalakoa izan da, plaza bat; herritarrek bazekiten norbait egongo zela bertan zaintzen, eta bere inguruan antolatu gara astebetez”.
Uste dute azken txondorra duela sei edo zazpi hamarkada piztu zela herrian. Berriatuan ere txondorgileren bat edo beste egon omen zen. Hori diote gaur egungo adinekoek, orduko umeek: “Beraiengana heltzeko beste bide bat izan da. Haien oroimenera heldu gara txondorragaz, eta txikitako kontuak berreskuratzeko modu bat izan da”.
Herriarekin “konexio berezi bat” sortu nahi zuten, baita lortu ere. Eta gutxienekoa dirudien arren, 800 kilo inguru ikatz atera dituzte.