Amagoia Iribar Mantzisidorrek eta Javier Menta Martinezek irabazi dute IX. Ondarru-Lekitto lasterketa
Zenabua Eiguren Altzibar eta Julen Etxebarria Urrosolo izan ziren Lea-Artibai eskualdeko bizkorrenak zapatuan [irailak 20].

Tximista Atletismo Taldeak aurten apustua handitu zuen IX. Ondarru-Lekitto lasterketan. Korrikalari kopurua 300era handitu zuten eta toki guzti-guztiak bete zituzten. Denen artean 16 kilometroko kostaldeko lasterketa osatzen bizkorrenak Amagoia Iribar Mantzisidor eta Javier Menta Martinez izan ziren zapatuan [irailak 20], 1.01,40 eta 51.50eko denboragaz, hurrenez hurren.
Emakumezkoetan, bigarrena, eta Lea-Artibai eskualdeko azkarrena, Zenabua Eiguren Altzibar lekeitiarra izan zen 1.04,21eko denboragaz eta bi minutura heldu zen Idoia Nogales Alberdi iazko garailea. Gizonezkoetan, Imanol Goñi Aranburu heldu zen bigarren tokian helmugara 53.00ko markagaz eta hirugarren izan zen eskualdeko onena, Julen Etxebarria Urrosolo ondarrutarra 53.47ko denboragaz.
Hain zuzen ere, Lea-Artibaiko bizkorrenei dagokionez, nesketan Idurre Larrañaga Aristondo ondarrutarrak eta Nahia Ibarzabal Gisasola markina-xemeindarrak osatu zuten podiuma, eta mutiletan, Antton Belaustegi Txurruka eta Beñat Garcia de Andoain Laka lekeitiarrak. Era berean, taldeka ere, Lekeitiokoak izan ziren onenak.
Besoak zabalik
Tximista Taldetik “oso pozik” agertu dira zapatuko emaitzagaz: “Eguraldiaren apur bat beldur baginen ere, azkenean aurreikuspenak baino euri gutxiago egin zuen. Gainera, sari banaketarako ateri mantendu zen eta guzti”. Aurten inoiz baino jende gehiagok parte hartu du lasterketan, izen emate kopurua 300 pertsonara handitu baitute.
Hala ere, antolakuntza aldetik “inolako arazorik” izan ez dutela azpimarratu dute eta taldeko kideen balorazio bilera egin baino lehen, “posible” ikusi dute hurrengo urterako kopurua berriro handitzea. Alde horretatik, eskerrik beroenak eman nahi izan dizkiete zapatuan eta aurretik izan dituzten laguntzaile eta boluntario guztiei.
Horrez gain, Ondarroako irteeran moldaketa txiki bat egin dute aurten, eta Itsasaurretik atera beharrean Kalatraba zubiaren parean atera dira errepidetik, eta “errepikatzeko moduko” irteera iruditu zaie herrigunean “zenbait toki estu” daudelako.