Mugartegi anai-arrebak, Hondarribian nagusi
Grand Slameko txapelak jantzi dituzte markina-xemeindarrek barikuan [irailak 19] jokatutako finaletan.
Mugartegi abizena izen handiz idatziko dute Hondarribian. Izan ere, Gorka Mugartegi Atain eta Erika Mugartegi markina-xemeindarrek txapela jantzi zuten barikuan [irailak 19] Grand Slamean. Donostian ere biek ala biek jokatu zuten finala, baina etxera esku hutsik joan ostean, orain txapela buruan itzultzea lortu dute.
Emakumezkoetan, Mugartegiren abizenak berak bakarrik diferentziak markatu zituen. Lau finalistetako esperientzia handieneko puntista zen, eta bere indarra erakutsi zuen. Lur Lejardi eta Laura Rodrigez aurretik jarri baziren ere, hasieran 1-3 aurreratuz, markina-xemeindarra jokoan sartzen zen bakoitzean, tantoaren ekimena goitik behera aldatzen zuen. Bartzelonako Gisela Ucles behar zuenean laguntzeko prest agertu zen, baina egia esan, tanto laburrak izan ziren. Horrela, berehala, 12-6ra zabaldu zuten tartea, azkenerako 15-9 gailendu ziren lehen setean.
Partida hasieran bezala, urdinak aurretik jarri ziren 1-5 eta berdintasun gehiago izan zen. Atsedenaldirako, berriz, ostera ere aurretik zeuden gorriak: 8-7. Lejardik eta Rodrigezek hobeto sahiestu zuten Mugartegi, baina pilota hartzen zuen bakoitzean dominatzera pasatzen ziren. Azken txanpan berriro zuloa zabaldu zuten eta bigarren jokoa 15-13 irabazi. Mugartegi “pozik” agertu da txapelagaz eta bi jokoan arteko aldea nabarmendu du: “Bigarrenean, Lejardik bere tokia aurkitu du frontoian eta Rodrigezek hobeto eutsi du atzean. Buruz gain pasa naute gehiagotan eta gero Lejardik aukerako pilotak aurkitzen zituen aurrean”.
Ezin berdinduagoa
Gizonezkoetan, final orekatua espero zen, Alex Hormaetxea eta Ruben Bailok agian haien esperientzia handiagoa erabili zezaketen Bixente Gonzalez eta Gorka Mugartegi Atainen aurka. Finala gogorra eta berdindua izan zen hasieratik. Aurreko koadroetan bi errematatzaile fin zeuden, beraz, atzean zegoen gakoa, nork erakutsiko zuen bizkarra. Urdinak 7-4 aurreratu ziren, markina-xemeindarra nagusitzen ari baitzen eta bere aurrelariari aukera gehiago eta hobeak eskaintzen ari. Atainek errebotean min handia egin zuen, baina bermeotarrak eta noaindarrak buelta eman zioten tanto bakarrera hurbildu arte (12-11), baita berdinketa lortu ere: 14-14. Azken tantoa bikaina izan zen benetan, eta azkenean kolore urdina izan zuen.
Bide beretik jo zuen bigarrenak, gorriek aurrean aukera gehiago aurkitu bazituzten ere. 4-7 hartu zuten aurrea aurkarien hutsegiteak baliatuz. Hormaetxeak sakeagaz arazoak izan zituen eta urdinek atzetik aurrerakoa egin zuten markagailua irauli zuten. Azkenerako 14nako berdinketa lehen jokoan bezala, eta emaitza berdina, Bixentek sakez egin baitzuen azken tantoa. Atainek iazko arantza kendu duela aitortu zuen: “Jokatzen dugun txapelketa garrantzitsuenetakoa da, beraz ilusio berezia egiten du irabazteak. Bero handia egiten zuen, eta partidaren gogortasunari ere faktore hori gehiatu behar izan diogu”.