Osertz Aldaik ez du Isuntzako entrenatzaile postuan jarraituko
Entrenatzaile eta arraunlariak hamar urte eman ditu Lekeition eta arraun elkarteak “bihotzez” eman dizkio eskerrak.
Amaitu da arraun denboraldia. Bermeoko eta Portugaleteko banderak izan dira azkenak eta Lekittarrak, beste behin zortzi traineru onenen artean sartuta, lehiatu egin ditu. Atzoko [irailak 21] azken estropada baliatu zuen Isuntza Arraun Elkarteak jakinarazteko Osertz Aldaik ez duela hurrengo denboraldia entrenatzaile postuan jarraituko.
Aldaik berak esan zien zuzendaritza batzordeko kideei ezingo zuela orain arteko bere jardunean jarraituko. Isuntzaren “komunitate zabalaren” izenean “bihotzez” eskerrak eman nahi izan dizkiote hamar urteko ibilbideagatik. “Zure dedikazioa, zure konpromiso maila eta zurekin lortutakoak balio handia du arraun elkartearentzat eta hitzak labur geraten dira gure sentimendua eta esker ona adierazteko”, diote. Era berean, orain arteko entrenatzaileak “beti ateak zabalik” izango dituela nabarmendu dute.
Entrenatzaileak hamar urte eman ditu postuan, eta aldi berean, arraunlaria ere izan da estropada gehienetan. “Jakin genuenetik lanean ari gara azken urteotako lanari jarraipena emateko pertsona egokia aurkitzeko eta erreleboa ahalik eta hobekien egiteko”, esan dute zuzendaritza batzordetik. Aurten, 26 urteren ostean, Isuntzak Kontxako Banderarako sailkatzea lortu zuen. Eusko Label Ligari dagokionez, zazpigarren postuan amaitu dute sailkapenean 99 puntugaz, bigarren txandan erabat sendotuta.