Elaia Gogenolak eta Maia Goikoetxeak koroagatik borrokatu dute
Donostiako Lauko Finalean atzo [irailak 22] kanporatu zuten Aritz Erkiaga. Berriatuarrek irailaren 29an jokatuko dute finala.

Donostiako Lauko Finalak Jai Alai Ligako puntistarik onenak hartzen ditu, lau aurrelari eta atzelari onenak. Baina denboraldi osoan zehar aurretik egoteak ez du emaitzik ziurtatzen. Atzo [irailak 22] adibiderik onena ikusi ahal izan zen. Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal, esate baterako, puntu gehien bildu dituztenak izan dira beraien postuetan. Xabi Barandika eta Imanol Lopez, ordea, laugarrenak izan dira. Berez, lorpenak ikusita, lehendabizikoak ziren hautagaiak, baina iaz ere gernikarrak eta zumaiarrak laugarren postutik lortu zuten Jai Alai Ligako koroa. Gainera, ispastertarra zalantzekin heldu zen azken asteetan besoko minagaz egon ostean.
Barandikak eta Lopezek hasieratik erakutsi zuten zer nolako bikote sendoa osatzen duten. Zumaiarrak erakustaldia eskaini zuen atzeko koadroetan, pilota nahieran mugituz. Aurrelariak bere aukerak baliatu zituen eta errebotean min egin zuen. Bien helburua argia zen, Erkiaga sahiestu eta pilota asko atzeratu. 1-5 aurreratu ziren, baina Barandikak dagoeneko hiru pasa egin zituen, eta ispastertarra aurrean izanda, hori bereziki arriskutsua da. 6-8 hurbildu baziren ere, errebotea bilatuz min ikaragarria egin zuten: 7-15.
Bigarren jokoan, Erkiaga jokoan gehiago sartzen saiatu bazen ere, Barandikak eta Lopezek sendo jarraitu zuten. Gernikarrak 20 tanto amaitu zituen, erakutsiz tantoak ez direla bakarrik aurrean amaitzen, baita atzean edo errebotean ere. Azkenerako, 8-15 eta finalerako txartela, zain dituzte Eñaut Urreisti eta Thibault Basque. Barandikak nabarmendu zuen “bikote langilea” osatzen duela

Erkiaga, Lauko Finaletik kanpoEraman Jai Alai
Lopezegaz eta “tantorik tanto” lan egiten dutela: “Partida borobila jokatu dugu eta finalean ere bikote oso gogorra izango dugu aurrean, maila oso potentea dute, baina gu lan egiteko prest etorriko gara”.
Lehena, beti berezia
Nesketan ere iraultza eman zen, eta hemen ere atzeko koadroetan ezarri zen legea. Bertan, nagusi izan zen Maia Goikoetxea gaztea. Elaia Gogenolak aurrean duen ausardiagaz, hauek ere bikote sendoa osatzen dute. Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabal 0-2 aurreratu ziren, baina Goikoetxeak erakustaldia eman zuen eta atsedenaldirako 8-5 zeuden aurretik eta lehen setaren amaieran 15-12. Eskumaz eta errebesez dominatu egin zuen gazteak, eta bere aurrelariari aukerako pilotak eskaini. Aldazabal eusten saiatu zen eta Ortiz de Mendibil aurretik jokoaren ekimena aldatzen. Baina aldatzen ez zena markagailuko tartea zen, 11-5etik 15-9ra joan ziren.
Irailaren 29ko finalean Oihana Sorozabal biarriztarra eta Arai Lejardi markina-xemeindarra izango dituzte aurrean. Emakumezkoen Jai Alai Ligako lehen txapeldunak erabakiko dira, horregatik “pozik eta ilusio handiz” agertu ziren bi berriatuarrak: “Ohore bat da finalean egotea, gure plana ezin hobeto egin dugu, atzean dominatu eta aurrean errematatu. Finalean, bikote gogorra izango dugu aurrean, Lejardik pilota asko sartzen du eta Sorozabalek amaitzeko gaitasuna erakutsi zuen, baina guk gure estiloagaz jarraituko dugu”.