Lekeitioko Herri Eskolako bigarren faseko lanak amaitu dituzte
Lekeitioko Udalaren aurreikuspenen arabera, 2026ko udan amaituko dituzte eremu artistikoko lanak hirugarren faseagaz.

Lekeitioko Herri Eskolako kanpoko espazioaren obrak pixkanaka aurrera doaz. Aurtengo udan eremu artistikoko bigarren faseko lanak amaitu dituzte. Helburu dute kanpo espazioa proiektu “inklusibo eta naturalizatua” izatea. Udako lan guztiekin Lekeitioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 185.000 euroko inbertsioa egin du, Udalakeraiki programan lortutako hitzarmenari esker.
Hain zuzen ere, askotariko lanak egin dituzte udan Herri Eskolan. Kanpo espazioaren proiektu inklusibo eta naturalizatuan 58.541,49 euroko inbertsioa egin dute. Gainera, patioko itxiturako hesien aldaketak 17.431,43 euro kostatu ditu. Kolorinetako eraikinean ere lan ugari eraman dituzte aurrerak. Besteak beste arotzeria aldaketak, dagoeneko bigarren fasea dela, 19.081,70 euroko inbertsioa egin dute. Eraikinaren ataripean egitura konpondu behar izan dute 5.550,43 euroko kostuagaz eta fatxada ere margotzeko baliatu dute umeen oporraldia 41.846.87 eurogaz. Eraikin gorrian ere bestelako lanak eraman dituzte aurrera, adibidez, manparak aldatzean 28.853,66 euroko inbertsioa egin dute eta eraikinaren aurreko fatxadan toldoak aldatzeagatik 13.714,14 euro inbertitu dituzte.
Lekeitioko Udaletik herri hezitzailea izateko helburua dute eta alde horretatik “ume guztien zaintza erdigunean” jartzen dutela gogoratu dute. Era berean, nabarmendu dute lanak oraindik ez dituztela amaitu eta hirugarren eta azken fasea 2026ko udan osatuko dutela. Horrenbestez, herri hezitzailea izateko “denek elkarrekin lanean jarraitzeko” deia egin dute.