Zabalik dago 36. Kalekan izena emateko epea
Urriaren 30era arte dago zabalik eta bi kategoria banatu dituzte: atal ofiziala eta Scratch.

Lekeitioko 36. Kale Arteen jaialdia dagoeneko martxan dago. Hain zuzen ere, 2026ko Kalekan parte hartzeko izen ematea zabaldu berri dute, eta horrela egongo da urriaren 30era arte. Bertan artista, konpainia eta kolektiboek jaialdian haien proposamenak aurkeztu ahal dituzte. Jaialdiaren webguneko inprimakia bete beharko dute interesa dutenek. 2026ko uztailaren 3tik 5era egingo dute 36. Kale Arteen jaialdia.
Antolatzaileek nabarmendu dute azken urteetan aurkeztutako proposamen kopuruak gora egin duela, eta horietako asko herrialde desberdinetatik heldu direla. Oraingoan ere deialdia bi kategorietan banatu dute. Atal ofizialari dagokionez, zehaztu dute “espazio publikoa edo izaera bitxiko espazioak gaurkotasunean burututako” sorrera lanak aurkezteko erabiltzen dituzten artista, kolektibo, elkarte profesional edo/eta edozein autoretza motarentzat bideratuta dagoela. Kalekako deialdian, kale arte mailan jasota dauden edozein disziplinako lanak hautatuak izan daitezkeela esan dute: “Hau da, Lekeitioko espazio publikoa (arkitektonikoa, sozio-kulturala) garapen-bide hartzen dituzten proposamen artistiko guztiak kontuan hartuko dira”.
Bestetik, Scratch kategoriak “garapen egoeran dauden proiektuak” esperimentatu eta probatu nahi duten artista, kolektibo, elkarte profesional edota edozein autoretza motarentzako plataforma bat eskainiko du. Jaialdiaren izaera kontutan hartuta, lehentasuna izango dute kale arte mailatik gertu dauden proposamenak edo jaialdiaren jokaera markoaren barruan parte-hartu daitezkeenak. “Aldi berean, kontutan hartuko dira, nahiz eta esandako mailan jasota ez egon, espazio publikoa garapen-bide eta lanaren aurkezpen publiko bezala hartzen dituzten lanak”. Aurreko urteetan, sorkuntza eremu eta formatu ezberdinetako lanak aukeratu ziren: audio-walk, zirkua, performance, joku-ibiltariak, dantza eta mikro-antzerkia.
Proposamen artistikoen balorazio eta hautaketa prozesua 2026ko urtarrilean egingo dute. Jakinarazi dutenez, eskaeraren ondoren jasotze baieztapen bat bidaliko dute mail bidez aukeratua izan edo ez zehaztuz.