Hastear da Aurrera Mendi Taldearen III. Mendi Hilabetea
Zapatuan [irailak 27] 12. Tontorramendiko igoeragaz emango diote hasiera mendi hilabeteari. Bideo emanaldia, hitzaldia eta ibilaldia egongo dira urrian.
Mendi asteari mendi hilabeteak hartu zion erreleboa 2023an, eta ordutik urtero antolatu du Aurrera Mendi Taldeak egitasmoa. Aurtengoa irailean hasiko den arren, urria ekintzaz josita etorriko da mendizaleentzat; guztira hiru asteburutan antolatu dituzte ekintzak.
Hasiera zapatuan [irailak 27] emango diote, 12. Tontorramendiko Igoeragaz. Aurrera Mendi Taldeak eta Ondarroako Gazte Asanbladak antolatu dute zapatukoa, eta 12:00etan gaztetxetik irtengo da lasterketa. 2,6 kilometro eta 420 metroko desnibela duen ibilbidea izango da, eta parte hartu nahi dutenek 10:30etik aurrera edukiko dute izena emateko aukera; igoera, gainera, Igoera Herrikoien Ligarako puntuagarria izango da. “Urtero 50 partaide inguru izaten ditu”, adierazi dute antolatzaileek. Ostean, bertso bazkaria egingo dute gaztetxean; Aitor Zubikarai, Alexander Idoeta eta Beñat Ugartetxea ariko dira bertsotan.
Urriaren 10ean izango da bigarren ekitaldia. Izar gorri, mamuon betiko argi bideo emanaldia eta solasaldia egingo dituzte, 19:00etan. Bertan izango dira Ekaitz Maiz, Josu Linaza, Oier De la Fuente eta Markel De la Fuente mendizaleak, udaberrian “espedizio gogoangarria” egin zuten lau euskaldunak. Izan ere, Karakorumeko Sosbun glaziarraren inguruko haran ia ezezagun batean, Mun Brakk II (5.430 metro) mendira lehen igoera absolutua egin zuten. Bigarren saiakeran, Ekaitz Maizek eta Markel De la Fuentek “Izar gorri, mamuon betiko argi” izena jarri zioten bide zorrotza amaitzea lortu zuten: 1.140 metroko bidea, M4 eta 7b zailtasunarekin.
Hirugarren hitzordua urriaren 17an izango da. Kirol psikologiaren arlora hurbilduko dira oraingoan: Itsasne Blanco kirol psikologoak Kirol psikologiak gure errendimenduan duen eragina hitzaldia eskainiko du. Hitzordua irekia izango da, eta gorputzaren prestakuntza fisikoaz harago, buruko prestakuntzaren garrantziaz jardungo dute.
Amaitzeko, urriaren 18an mendi buelta egingo dute, oinez zein bizikletan. Ibilbidea Ondarroako Alamedatik abiatuko da 09:00etan. “Jardunaldiari amaiera emateko, merendola bat egingo dugu parte hartzaile guztientzat”.
“Urtero legez irailetik hasita, mendiarekin lotutako ekintzak egingo ditugu herrian”, adierazi dute antolatzaileek. Egitaraua zabalik dago herritar guztientzat.
Egitaraua.
- Irailak 27.
- 10:30. Tontorramendiko igoerarako izen ematea.
- 12:00. 12. Tontorramendiko Igoera, gaztetxetik hasita.
- 15:00. Bertso bazkaria, gaztetxean.
- Urriak 10.
- 19:00. Izar gorri mamuon betiko argi bideo emanaldia eta hitzaldia Ekaitz Maiz, Josu Linaza eta Oier eta Markel de la Fuentegaz, Kofrai zaharrean.
- Urriak 17.
- 19:00. Kirol psikologiak gure errendimenduan duen eragina hitzaldia, kofradia zaharrean, Itsasne Blanco kirol psikologoaren eskutik.
- Urriak 18.
- 09:00. Mendi buelta oinez eta bizikletan, Alamedatik irtenda. Ostean, merendola.