Herri Eguna ospatuko dute zapatuan Lekeition
Herriko 40 kultur eta kirol talde eta eragilek baino gehiagok egun osoko egitaraua antolatu dute zapaturako askotako ekintzekin.

Herritarrek herriko jaietan izaten dute haientzako berezia, Lekeition San Antolin jaietan aukeratzeko egunak dituzte: Bajada Eguna, Antzar Eguna… baina nahikorik ez, eta aurten hirigunean 700 urte betetzen dituenean Lekeitioko Herri Eguna antolatu dute zapaturako kultur eta kirol taldeek eta herriko eragileek.
Izan ere, egun osoko egitaraua prestatu dute, askotariko ekintzekin, zereginik ez delako faltako. Helburua argia da: “Lekeitioko elkarte eta eragileek jai handia antolatu dute herritarrentzat urtean zehar egiten dituzten ekintzak ezagutzera emateko. Herritik eta herritarrentzat antolatutako eguna da, talde bakoitzan herriarengatik zer egiten duen erakusteko eguna da. Lekeition gainera eskaintza oso anitza daukagu, eta horrek asko balio du, eta albi berean erakutsi beharra dago”
Antolatzaileek gogoratu dute antzeko egun bat antolatu zutela orain dela zenbait urte. Zeresana aldizkariaren egunaren harira, herriko elkarte eta eragileek azoka antolatu zuten haien askotariko eskaintza postu baten jartzeko. Baina 10 urte inguru pasa dira, eta ideia hori berriro egiteko aurrerapausoa eman dute.
Apirilean hasi ziren harremanetan elkarte eta eragileekin, eta bakoitzak zer eta zelan eskaini zezakeen proposatu zuen. Lehen harrera “oso ona” izan zen eta hilabetean baten elkartu dira, eta azken asteetan komunikazioa handiagotu dute eguneko egitaraua eta eskaintza zehazteko. Udaletik ere erantzun “oso ona” jaso zuten eta horregatik laguntzaile lanetan dihardute.
Egun osoko egitaraua
Horrelakoetan beti gertatzen den bezala, ez daude herriko talde eta eragile guztiak, ezinezkoa delako denak elkartzea. Batzuek gauza batengatik edo bestearengatik ezin izan dute, eta bestelakoek ez dute nahi izan. “Horregatik, daudenekin geratzen gara, erantzuna oso ona izan delako”, diote. Izan ere, 40 taldek baino gehiagok parte hartuko dute eta eskaintza “oso zabala” egongo dela nabarmendu dute.
Hain zuzen ere, egun osoko egitaraua prestatu dute, askotariko ekintzekin. Plaza, hondartza eta portu inguruan osatuko dituzte ekintza gehienak, batez ere plaza izango da elkargune nagusia. Bertan, txosna solidarioa jarriko dute, gainera, zenbait elkartek zozketak ere prestatu dituzte. Guztien artean batzen duten dirua Haszten Elkartearentzat izango da: aniztasun funtzionala duten haurrak kirolean hastea eta jarduera fisikoa egitea bultzatzen duen elkartea.
Hasiera batean antolatzaileen nahia zen, zer egitekoa gauera arte luzatzea, baina ez da musika talderik animatu beraz, iluntzean suzko zezenagaz amaituko dute eguna. Eguraldiari begira ere badaude, ekimen gehienak kalean egitekoak direlako, eta aurreikuspenak onak badira ere, euria egitekotan, elizpean elkartuko direla aurreratu dute. Antolatzaileek mahoizko alkandora eta bakoitzaren taldearen kamiseta eramateko deialdia egin dute.
Egitaraua:
- 09:00: Dei eittekuak, herrian zehar.
- 10:00: Itxaropena txistulariak, herrian zehar.
- 10:00: Ipar Martxa nordikoa, udaletxe aurrean.
- 10:00: Portuaren garbiketa, portuan.
- 11:00: Piraguak, Isuntza hondartzan.
- 11:30: Herriko taldeen azoka, I. Tortilla Txapelketa, irratsaioa, umeentzako jolasak, ipuin kontalaria, sukaldaritza tailerra, bortexa, xake partidak eta txosna solidarioa, plazan.
- 13:30: Estudiantina eta Kantu tailerra, herrian zehar.
- 18:00: Buruhandi eta erraldoiak, Itxaropena txistulariekin, herrian zehar.
- 19:00: Gu eta gitarrak, portuan.
- 19:00: Txokolatada, plazan.
- 19:30: Euskal dantzak, plazan.
- 19:30: Aittitta Makurra txaranga, herrian zehar.
- 19:30: Saltzajira, Eskolapean.
- 20:30: Suzko zezena, plazan.