73 postu egongo dira Urriko Azoka Nagusian
Urriaren 11n ospatuko dute Markina-Xemeinen, eta aurten, berriz, Euskadiko Blonda Txapelketa hartuko du.

Lea-Artibai eskualdeak hitzordu berezia dauka urrian. Urriko Azoka Nagusiak herritarrak, ekoizleak, artisauak edota abeltzainak elkartzen dituelako. Gaurko [irailak 25] aurkezpenean eskualdeko udal arduradunak elkartu diren bezala, elkartuko dira herritarrak urriaren 11n 10:00etatik 15:00etara, Markina-Xemeinen.
Aurten, Lekeitioko Udalari egokitu zaio aurkezpena hartzea. Bertan, azaldu dituzte Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteko eta eskualdeko ordezkariek azokaren nondik norakoak. Markina-Xemein, Etxebarria, Amoroto, Aulesti, Berriatua, Gizaburuaga, Ispaster, Mendexa, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibarko Udalez gain, Mallabikoak ere parte hartzen du antolaketa lanetan.
Guztira 73 postu egongo dira 41. Urriko Azoka Nagusian. 35 izango dira ekoizleak, askotariko produktuekin: barazkiak, frutak, gaztak, eztia, baserriko ogia, txakolina edota txerrikiak, besteak beste. Urtero bezala, Lea-Artibaiko abereen eta Euskal Herriko hainbat arrazatako abereak bertatik bertara ikusteko aukera emango dute. Hori bai, gogoratu dute hegaztien kasuan, hegazti gripea medio, baimenduta dagoen einean egongo direla. Ia 40 abeltzain bertaratuko dira astoak, pottokak, oiloak edota antzarrak erakusteko. Hori gutxi ez, eta 32 artisauk haien lanak erakutsiko dituzte eta baserriko tresna saltzaile bat, makila saltzaile bat eta zaldientzako tresna saltzaile bat ere egongo dira.
Aurten ere, ortuari eta fruta posturik onenaren sariak banatuko dituzte, irabazlearentzat 200 euro, bigarrenarentzat 150 euro eta hirugarrenarentzat 100 euro. Eroslerik ez da faltako urriaren 12an Markina-Xemeinen, baina, Hamen Bertokoa proiektuaren parte direnen postuetan erosten dutenek otzaren zozketan parte hartzeko aukera edukiko dute. Hamen Bertokoa otzarak izango dira zozketatuko dituztenak. Azken urteetan bezala, kontsigna zerbitzua jarriko dituzte erosketak gorde ahal izateko. Era berean, doako autobus zerbitzu etengabea jarriko dute Kareaga industriagunetik azoka guneraino.
Andoni Agirrebeitia Bizkaiko Foru Aldundiko nekazaritza zuzendariak nabarmendu du eskualdeak daukan “konpromisoa” lehen sektoreagaz eta “bide berdinetik” jarraitzeko desira agertu du. Era berean, Urriko Azoka Nagusian dagoen “giro ikaragarria” azpimarratu du, baita parte hartzailek “bertoko goi mailako produktuen kalitatea”. Iosu Egiza Landa Garapenerako Alkarteko zuzendariak nabarmendu du Urriko Azoka Nagusiak duen eskualde izaera eta lehen sektorearen “erakustoki ederra” dela.
Lekeitioko Udalaren izenean Zuriñe Gojenolak hartu du hitza lehen sektorearen garrantzia goraipatu du, “eskualdearentzat ezinbestekoa”: “Sektore honek egiten dituen ekarpenak neurrigabeak dira kalitatezko produktuez hornitzen gaituzte eta paisaia eta ingurua ziantzen dute, besteak beste”. Lan hori Landa Garapen Alkarteak garatzen du lehen sektorearen “gaitasunak, erronkak eta beharrak” ezagutuz, eta sektorearen lehiakortasuna handitu.
Horrez gain, aurreratu zuen Lea-Artibain nekazaritza test gune bat martxan jarri nahi dutela Lekeitio eta Ispasterren artean, Eluntzeta inguruan. “Proiektu hau eskualderako oso garrantzitsua da, ez bakarrik guztion ahaleginagatik, lehen sektoreak duen errelebo ezaren aurrean jartzen dugun baliabide berri bat delako, eta ortugintzan ekin nahi duen pertsonei laguntza ematen diolako”.
Hain zuzen ere, denek ala denek azpimarratu dute azokek ematen dute zuzeneko salmentaren aukera. Markina-Xemeinen eta lekeition egoten da astero Bingen de la Torre Garatea bere fruta eta barazkiak saltzen. Lekeitiarrak horrelako azokek hiru eguneko lana ekartzen dutela dio: “Urriko Azoka Nagusia toki oso ona da saltzeko, benetako apustua egiten dute lan sektorearen alde. Gainera, herritarrak baloratzen eta eskertzen dute gure lana eta hori ere garrantzitsua da guretzako”.
Markina-Xemeinen txanda
Gainera, bi urterik behin gertatzen den bezala, Azpeitiagaz txandakatuta, Markina-Xemeinek Euskadiko Blonda Txapelketa hartuko du urriaren 11n. 28. lehiaketa izango da eta 85 buru inguru bilduko ditu, Bizkaiko bi ustiategi eta Gipuzkoako lau ustiategitik. Blonda haragitarako behi arraza bat da eta Euskadin 1.000 buru daude 38 ustiategitan banatuta, gehienak Bizkaian eta Gipuzkoan. “Errendimendu ona duten animaliak dira, errentagarriak dira” azaldu dute.
13 atal egongo dira, adina egoera fisiologikoaren eta sexuaren arabera banatuta, epaileek atal bakoitza epaituko du eta hainbat sari banatuko dituzte. Sail bakoitzeko sari bat banatuko da eta ondoren txapelketako sari nagusiak. Honakoak izango dira: Behirik onena, ukuilu onena, hazitik sortutako bigarik onena eta haragitarako bigarik onena.
Egitaraua:
- 10:00: Azoka zabaltzea
- 10:15: Euskadiko 28. Blonda Txapelketari hasiera, epaimahaiaren lana hasi.
- 10:15: Eskualdeko mahai onenen lehiaketa, epaimahaiaren lana hasi.
- 11:30: Ardi-ile mozte erakustaldia eta umeentzat Latxine txirrista.
- 11:30: Herriko trikitilarien erromeria kalerik kale.
- 12:00: Bertsolariak, Zelaian.
- 13:00: Euskadiko 28. Blonda Txapelketako sari banaketa.
- 14:30: Eskualdeko mahai onenen sari banaketa.
- 14:30: Hamen Bertokoa otzaren zozketa, Hamen Bertokoa postuetan erosketak egiten dituztenen artean.
- 15:00: Azokaren amaiera.