Gazteak operara hurbiltzeko aldarria
Euskara eta feminismoa ardatz hartuta, 11barrik andrazko esanguratsuen biografiak jasotzen dihardu, horiek hainbat diziplinatan gizarteari egiten ari diren ekarpenari ikusgarritasuna emateko helburuz. Ikus sarrera guztiak 11barriren webguneko 'Testuen bankua' atalean.

Itxaro Mentxaka Bengoetxea (Lekeitio, 1964) mezzosopranoa da. Lekeitioko Azkue Ikastolan ikasi zuen, eta hango Itxas Soinua abesbatzan ibili zen, lehenengo Joseba Ortuondo ondarrutarraren zuzendaritzapean, eta, ostean, Gorka Sierra bilbotarrarenean. Bai batarekin, bai bestearekin, bakarkako saioak egiten zituen, eta Gernikako Institutuan Batxilergo ikasketak egin, eta Euskaltzaindiako B titulua atera ostean, kantu ikasketak hasi zituen, lehenengo Bilbon, Fina Folco irakaslearekin, eta gero, Bordeleko kontserbatorioan, Monique Florencerekin. Karrera egin ostean, Valentziara joan zen ikastera, Carmen Martinez Lluna Eta Enedina LLoris sopranoen aginduetara, eta geroztik, operako abeslari profesionala da.
Opera Lagunen Bilboko Elkartean debutatu zuen 1987-88 bueltan. Manon Lescaut-en musikoaren papera egin zuen, «paper txiki bat», mezzosopranoak argitu duenez. Hurrengo urtean, Leonardo Baladaren Cristobal Colonen abestu zuen Bartzelonako El Liceu antzerkian. Hortik aurrera, makina bat agertoki zapaldu ditu, besteak beste, Donostia, Bilbo, Sevilla, Malaga, Coruña, Valentzia, Santiago de Compostela eta Granadakoak, eta Pereladako Nazioarteko Jaialdian ere parte hartu izan du, Gironan. «Dena dela, nire karrera, batez ere, Lizeoan eta Teatro Realen izan da», adierazi du.
Karrera zabala egin du Mentxakak, eta dio adinarekin «lasaiago» dabilela. Irakasle ere bada: «Ikasle batzuk badauzkat. Ez nintzateke %100 horretara dedikatuko, baina gustatzen zait irakastea». Horrez gain, hamar emakumezko koru bat gidatzen du: «Koruko neskak», Itxas Soinua-ko abeslari ohiak. Funtzioetan dagoenean, baina, lanean guztiz murgiltzen da. «Bakarrik horrexetara egoten naiz, erabat dedikatuta, eta neure burua zaintzen eta ez hozten ahalegintzen», esan du.
Operaren egoerari buruz galdetuta, «momentuz ondo» dagoela dio. Hori bai: onartzen du agertoki kopuruarekin alderatuta, abeslari asko daudela. Halaber dio publikoaren adina «nahikoa altua» dela. Haatik, baikor da: «Ea gutxika-gutxika ikasleei mundu hau erakusten diegun». Bere ustez, operaren inguruan dagoen usteak ez du laguntzen. «Opera beti hartu izan da gauza klasista eta garesti modura. Gaur egungo gazteek, ostera, 25-30 euro ordaintzen dituzte, hau da, beste edozein kontzertutan gastatu daitekeen beste, eta diru horrekin ikuskizun itzela daukazu: orkesta bat zuzenean, korua, solistak eta aktoreak. Mauka da».
Lekeitiarrak parte hartu izan duen hainbat opera grabatuta daude, tartean, Julio Cesar, Cyrano de Bergerac, La traviata, Boris godounov, DQ, Carmen eta Katia kabanova.
Sariei dagokienez, Bilboko 5 bilbainos saria eskuratuta dauka. Halere, beretzat errekonozimendurik garrantzitsuena 2019an herriko jaietako txupinera izendatu izana da.
Lekeitioko elizako Cavaille-Coll organoa konpontzeko sortutako taldeko lehendakaria da.