Ikusgarritasunean, tanto
Euskara eta feminismoa ardatz hartuta, 11barrik andrazko esanguratsuen biografiak jasotzen dihardu, horiek hainbat diziplinatan gizarteari egiten ari diren ekarpenari ikusgarritasuna emateko helburuz. Ikus sarrera guztiak 11barriren webguneko 'Testuen bankua' atalean.

Eneritz Lizardi Azpiazu (Mutriku, 2004) futbolean jokatzen hasi zen 9 urterekin. Ordurako, neba zestan zebilen Mutrikun, eta berarekin joaten zen frontoira. Senideek animatuta, entseatzen hasi zen, eta txapelketak jokatzen, Danok Bat taldearekin.
Hiru Munduko Txapelketa jokatu ditu, horietatik bi, 22 urtez azpikoetan: 2021ean, emakumeen lehenengo zesta txapelketa jokatu zuten Iscarren (Valladolid), 22 azpikoena, eta 36 metroan, eta irabazi egin zuen, Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrarekin bikote osatuta. 2022an jokatu zuten lehenengo aldiz absolutua, Miarritzen, frontoi handian jokatu ere, hau da, 54 metrotan. Hor berriz irabazi zuten. 2023an, 22 azpikoena jokatu zuten Mexikoko frontoi handian, eta txapeldunorde geratu ziren.
2024ko urtarrilaren 12an eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta, urte eta erdiren ostean, berriro kantxaratu zen Jai Alai Ligako Mutrikuko Master Seriesean, aurtengo uztailean. Buelta gozoa izan zen, Ortiz de Mendibilekin bikotea osatuta txapela irabazi zuen eta.
«Ni hasi nintzenetik hona, aldaketa handia egon da. Lehen, egon bazegoen zestan jokatzeko aukera, baina inor ez genuen ikusten. Nebaren entsegua ikustera joaten nintzenean, denak mutilak ziren, eta hasiera batean ez nuen pentsatu zestaz jokatu ahal izango nuenik. Kanpoko bultzada bat behar izan nuen», adierazi du. Bere ustez, hobea da oraingo egoera: «Nik uste dut gaurko neska gazteei ez zaiela niri gertatu zitzaidana pasatzen. Azken urteetan ikusgarritasun handia eman zaio; telebistan agertzen gara, eta horrek asko laguntzen du. Frontoietan beti dago emakumeren bat, eta gazteagoek nabaritzen dute eurak ere hor egon ahal direla. Beraz, alde horretatik asko irabazi da. Ez zara lehen bezala gaizki sentitzen zeuri gustatzen zaizun zer edo zer egitearren».
Lizardi Biologiako gradua egiten ari da EHUko Bilboko campusean, eta horregatik ez du lehen beste entseatzen, nahiz eta moldatzen den eta gimnasio ordu gehiago sartzen dituen.
2026ko Argentinako absolutuen Munduko Txapelketan parte hartzea da Lizardiren egungo erronka nagusiena.