Aitor Bizkarrak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen saioa
Aitor Bizkarrak irabazi du Urdulizen atzo (irailak 28) jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa, eta hirugarren, laugarren eta bosgarren izan ziren, hurrenez hurren, Mikel Retolaza Etxebarria, Koldo Gezuraga Seijido eta Garazi Navarro Ugarteburu. Lekeition lehiatuko dute bigarren kanporaketa, zapatuan (urriak 4).

Atzo (irailak 28) Urdulizko kultur etxean hasi zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta Aitor Bizkaiarra Ruizek irabazi zuen. Hala, zuzenean pasatu da urriaren 26ko Zeanuriko finalaurrekora. Mikel Retolaza Etxebarria busturiarra, Koldo Gezuraga Seijido gernika-lumotarra eta Garazi Navarro Ugarteburu amorotoarra hirugarren, laugarren eta bosgarren izan ziren, hurrenez hurren.
Lan puntuagarri guztiak amaituta, 518,5 puntu eskuratu zituen bertsolari abadiñarrak, saioko lan guztietan nagusituta. Hala, nagusitasunez gailendu zen Bizkarra, bere atzetik sailkatu zen Izaro Bilbao Arostegik baino 67 puntu gehiago lortu baitzituen. Bilbaok 451 puntu bildu zituen, hirugarren izan zen Retolazak baino lau puntu gehiago; 447 puntu eskuratu zituen busturiarrak.
Puntuazioan estu ibili ziren bertsolariak, sailkapenean laugarrena izan zen Gezuraga Retolazarengandik puntu erdira geratu baitzen (446,5 puntu). Eta, Garazi Navarro Ugarteburu amorotoarrak 445 puntu lortu zituen, laugarrenak baino puntu eta erdi gutxiago. Saioko seigarrena, berriz, Garikoitz Sarriugarte Onaindia izan zen, 411,5 puntu bilduta.
Sarrera guztiak agortu zituen txapelketako lehen saioan, Beñat Vidal Gurrutxaga aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Beñat Romero Maguregi, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Marta Ortiz Mateo eta Miriam Juaristi Urizar izan ziren epaileak. Idazkari lanak, aldiz, Itziar Basterretxea Olarreagak bete zituen.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Urdulizko lehen saioko bertsolariak.Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Hurrengo saioa, Lekeition.
Datorren zapatuan (urriak 4) Lekeitioko Ikusgarri zineman, 17:00etan lehiatuko dute bertsolariek bigarren saioa, eta bertan izango dira eskualdeetako ordezkariak: Beñat Bilbao Landa gernika-lumotarra, Iker Uriarte Urrutia bermeotarra eta Lurdes Ondaro Mallea munitibartarra ariko dira bertsotan. Eurez gain, Iruri Altzerreka Martinezek, Jone Larrinaga Dañobeitiak eta Txaber Altube Sarrionandiak parte hartuko dute.
Lekeitioko saioaz aparte, domekan (urriak 5) Mungiako Olalde aretoan lehiatuko dute hirugarren saioa, 17:00etan. Han egongo dira Ander Ucelay Aristi, Imanol Uria Albizuri, Josune Aramendi Perez, Maite Sarasola Isazelaia, Peru Vidal Gurrutxaga eta Unai Mendiburu Valor.