Irailekoak poesia jaialdia “berezia” izan da
Barikutik domekara bitartean [irailak 26-28] askotariko ekintzak egin dituzte Lekeition. Eusebio Erkiagari plaka bat jarri diote bere jaiotetxean.

Irailekoak poesia jaialdia Lekeitiora itzuli da urte baten ostean. Duela bi urte antolatu zuten Euskaltzaindiak eta Lekeitioko Udalak eta aurten herriaren 700. urteurrenean errepikatu nahi izan dute. Kitto eta Recreatiba elkarteen laguntza ere izan dute hiru eguneko, barikutik [irailak 26] domekara arte [irailak 28] egitaraua prestatzen. Antoltzaileek berezitzat jo dute jaialdia.
Udaletik “balorazio oso positiboa” egin dute, eta aurtengoa “berezia” izan dela nabarmendu, batez ere Erkiagaren omenaldi “hunkigarria”. Maila oso altua egon dela azpimarratu dute eta lekeitiarrek erantzun dutela ikusle aldetik. Alde horretatik, eguraldia ere lagun izan zuten asteburuan. 700. urteurreneko egitarauaren baitan sartu nahi izan dute, poesiak ere bere tokia izateko urte osoko ekintzetan. Horrenbestez, Irailekoak poesia jaialdia Lekeition ostera ere izateko esperantza erakutsi dute Hero Euskal Herriko egoitza bezala.
Hain zuzen ere, antzezlan “berezi bategaz” inauguratu zuten barikuan III. Irailekoak poesia jaialdia. Alegia, Formol Laborategiak Susa argitaletxeagaz batera ekoiztu duen Heriotzak Eduardo du izena ikuskizunaga. Zapatu goizean, Rekreatiba espazioan bildu ziren ikusleak, Hedoi Etxartek eman zuen hitzaldi “mamitsu eta interesgarria” entzuteko. Bertan, gai “konplexuenetako” bati heldu zion: aberriaz hitz egin zuen, eta gai horrek poesian izan zuen lekua aztertu zuen, “adibide zirikagarriak” aztertuz. Egileak “lau poloren arteko gatazka esplizitu bat” planteatu zuen: “Euskal Herria da gure aberria? Euskal Herria bada baina Espainia ere bai? Eta Frantzia, ez al da gure aberria ere? Klasea aberri bat bezala bizi daiteke? Existitzen al da desjabetuen aberria ala hori amarru bat besterik ez ote da?”.
Segidan, Eusebio Erkiaga idazle eta euskaltzainaren omenezko ekitaldia osatu zuen. Lekeitioko Udalak eta Euskaltzaindiak plaka bat jarri zuten lekeitiar idazle eta euskaltzainaren jaiotetxean, Eliz Atean. Ander Aldazabal alkatearen eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzak entzun ondoren, Erkiagaren omenezko bertso batzuk bota zituen Xabat Galletebeitiak. “Olerkaria eta nobelagilea, gerra aurreko euskal kulturaren eragile porrokatua izan zen Erkiaga, eta, gerra ostean, euskal kulturaren biziraupenerako katebegi garrantzitsua”.
Euskaltzaindiak euskal poeten lana gizarteratu nahi izan du, baina, halaber, beste bazter batzuetako poeten lana ere erakutsi nahi izan dute Irailekoak jaialdian. Aurten, Chus Pato eta Miriam Reyes galiziarrak izan dira gonbidatuak. Domekan, Danele Sarriugartek elkarrizketatu zituen biak ala biak, Rekreatiba espazioan, eta, ondoren, Sonora izeneko ikuskizun poetikoa eman zuten. Lekeition poesiari presentzia handiagoa emateko, udan garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi zituzten herriko erakusleihoak Kitto merkatarien elkartearen laguntzaz.