Lekeitioko Andraetxeak udazkeneko egitaraua prest dauka
Eguenean [urriak 2] emango diote hasiera ikasturteari pikoteo batekin, Andraetxean. Solasaldiak eta ikastaroak antolatu dituzte.

Eskoletan edo kirol eta kultur taldeetan hasiera eman diote ikasturteari, eta orain Lekeitioko Andraetxearen txanda izango da. Hain zuzen ere, urriagaz batera hasiko dira ekintzak antolatzen, dagoeneko udazkeneko egitarauan askotariko ekimenak prestatu dituzte. Eguenean [urriak 2] emango diote hasiera ofiziala, 18:00etan jarri dute hitzordua Andraetxean bertan. Mahaiaren inguruan elkartuko dira jan-edanean udaren ostean lehen harremanak sortzeko. Horrez gain, lehen bilerako helburu nagusia hurrengo asteetarako txandak banatzea da.
Antolatzaileen asmoa baita Andraetxea eguenero zabaltzea eta horretarako egunak eta asteak banatu behar dituzte bazkideen artean.
Urriaren 23an Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazle etxebarritarrak Zahartzaro berriak, aukera berriak solasaldia dinamizatuko du. Horrez gain, hilaren 28an, adibidez, Juncal Alzugarayk Menospausia begirada ez patologikotik izeneko solasaldia gidatuko du, 18:00etatik 20:00etara, Andraetxean.
Eguneko ekintzen gain, ikasturte honetan ikastaro luzeagoak egitearen aldeko apustua osatu dute Andraetxetik. Alde horretatik, Memoria lantzeko tailerra eramango dute aurrera azaroaren 11n hasi eta abenduaren 16ra arte. Martitzenetan egingo dute tailerra, 16:30etik 18:00etara. Andraetxetik aurreratu dute hurrengo asteetan emango dutela izen emate epe eta moduaren berri.
Baita ikastaroak ere
Bizitzen Fundazioak gidatuko du tailerra eta psikoestimulazio terapeutikoan oinarritzen da. Taldekako dinamika dela azaldu dute eta helburu dutela parte hartzaileen “bizi kalitatea kognitiboki hobetzea”. Emakumeen bizi kalitatea asko handitu daitekeela uste dute: “Ohitura osasungarriak eta autonomia sustatu, mendekotasun egoerak agertzea prebenitzea, gaitasun kognitiboak, motorrak funtzionalak, sentsorialak, emozionalak eta sozialak hobetzea edota pertsonen arteko harremanak sustatzea”. Hori guztia espazio sozializatzaile baten egin nahi dute eta partaideei memoria lantzeko teknikak eta tresnak eskaini, “gero ohitura osasuntsu bezala finkatzeko asmoagaz”.