Urriaren 12an eta 26an egingo dituzte herri elkarrizketak
'Ixan' prozesu parte hartzailearen parte dira eta izena eman beharra dago.

Lekeitio atzera begira jarri izan da azken urtean, izan ere, 700 urte betetzen ditu aurten eta horren harira askotariko ekintzak antolatu izan dituzte. Oraingoan, ordea, aurre begira jarri nahi dira eta etorkizunerako lanketa egiteko herri elkarrizketak jarriko ditu abian Lekeitioko Udalak.
Bi saio izango dira. Urriaren 12an 10:00etatik 12:30era eta hilaren 26an 10:00etatik 12:00etara. Biak ala biak kultur etxean izango dira. Udaletik gogoratu dute izen ematea beharrezkoa dela eta horretarako inprimakia bete behar da izen-abizenak eta posta elektronikoa jarriz.
Elhuyarregaz batera sortutako Ixan parte hartzea prozesuaren hurrengoa fasea dira herri elkarrizketak. Etorkizuneko erronkak herritarrekin batera identifikatu eta “norabide partekatu bat osatzeko” bidea hasia dute Lekeition. Uda aurretik galdetegi bat zabaldu zuten herritarren artean “gogoeta sustatu, eta kezkak, beharrak zein erronkak jasotzeko”. Orain, galdetegiko emaitzak oinarri, bi saio egingo dituzte herritarrekin.
“700 urte dira aurten Lekeitiok hiribildu izaera jaso zuela. Une hau baliatu nahi dugu aurrera begirako erronkak elkarregaz identifikatu eta norabide partekatu bat osatzeko: zelako herria garen, non gauden eta norantz joan nahi dugun”, azaldu dute.
Izena eman eta parte hartzeko deia zabaldu dute udal ordezkariek. “Momentua da herritarrok, denon artean, gure herriaren norabidea pentsatzeko ahalegina egiteko. Egin dezagun denok batera eta Ixan gaitezen”.