Emakumeentzako ahalduntze tailerrak antolatu dituzte Berriatuan
Eguaztenean [urriak 8] hasiko dituzte oinarrizko auto mekanika ikastaroagaz. Izena eman behar da.

Berriatuko Udalak eta Berritxuko Foro Feministak emakumeentzako ahalduntze tailerrak antolaitu dituzte udazkenerako. Hiru saio prestatu dituzte eta izena eman behar dela gogoratu dute, udaletxean edo inprimakia betez. Nahi den tailerretan eman daiteke izena; tailer bakarrean, bitan edo hiruetan, interesa dutenek tailerrean izen abizenak idatzi besterik ez dute.
Hain zuzen ere, eguaztenean [urriak 8] emango diote hasiera tailer zikloari. Oinarrizko auto mekanika tailerra egingo dute 18:30etik aurrera, eta bi orduko iraupenagaz, plazan. Hurrengo tailerra urriaren 22an, eguaztena, egingo dute, 17:30etik 19:30era, eskolako jolastokian. Bigarrenean bizikletaren mantenurako oinarrizko jakintzak elkarbanatuko dituzte. Hirugarren saioa autodefentsa ikastaroa izango da. Abenduaren 13an [zapatua] osatuko dute 10:00etatik aurrera kultur etxe berrian. Hiru ordu eta erdiko iraupena izatea aurreikusten dute antolatzaileek.
Berritxuko Foro Feministatik urtero antolatzen dituzte ikastaroak, eta aurten, iazko proposamenak entzunda osatu dituzte. “Emakumeak norbere gaitasunetan trebatzea nahi dugu”, zehaztu dute. Horretarako, auto eta bizikleta tailerretarako, gai horren inguruan esperientzia eta abilezia duten inguruko emakumeengana jo dute, haiek izango dira ikastaroak gidatuko dituztenak. “Inguru hurbilean baditugu bizikletan asko ibiltzen diren neskak, baita kotxeen inguran asko dakitenak ere, beraz, ez daude hizlari hoberik”. Autodefentsa ikastaroa, berriz, Emagin Elkartearen eskutik osatuko dute.
Azken ikastaroa, adibidez, nahita jarri dute zapatu goizean, ahalik eta emakume gehien elkartzeko. “Neska heldu zein gazteen agendara heltzeko ahalegina egin dugu, saiatu gara denentzako tarte egoki bat aurkitzen eta horretarako onena zapatu goiza iruditu zaigu. Ikastarorik luzeena izango da eta patxadaz osatu nahi dugu, beraz, bakoitzaren ardurak antolatu eta izena emateko aukera eman nahi dugu”.
Gainera, azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Egunari lotuta egongo da egitasmoa. Orain arte hamar emakume inguru elkartu izan dira orain arte beste urte batzuetako ikastaroetan. Urtarriletik aurrera gehiago egingo dituztela aurreratu dute, eta horiek emakumeen ongizateari buruzkoak izango dira.
Iragarki txokoa
Horrez gain, Berriatuko Udaleko Berdintasun Sailak zaintza lanetarako iragarki txokoa jarri du frontoiko sarrerako panel handia, “lan horiek egiteko prest dauden langileentzat zein horiek jasotzeko premian daudenentzat”. Azaldu dutenez, beharginek eskatuta jarri dute eta zaintza eskaintzen eta eskatzen dabiltzanen arteko “komunikazioa erraztea” dute helburu, “baita ezkutuan eta baliogabe dauden lan horiei ikusgarritasuna ematea”. Era berean, duela aste gutxi batzuk udalak Mendibarren frontoiko tabernako kartela euskaratu eta berria jarri zuen, lehengoa gaztelaniaz baitzegoen.