Euskararen "etorkizunari norabide berria" emateko, milaka euskaltzale bilduko dira abenduaren 27an Bilbon
Euskararen "larrialdi linguistikoari" aurre egiteko eta "pizkundea" sustatzeko Euskalgintzaren Kontseiluak ezinbestekotzat jo du" euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea". Iragarri dutenez, kultur kutsukoa izango da Bilboko Bilbao Arenan egingo duten ekitaldia.

Euskara “larrialdi linguistikoan” dago. Hala ohartarazi zuen duela ia urtebete Euskalgintzaren Kontseiluak, eta hala berretsi du gaur. “Asko eta agerikoak” dira azken hamarkadetako susperraldi aroa eten denaren zantzuak; are gehiago, eskuhartze sendorik egin ezean, euskararen etorkizuna jokoan dagoela adierazi baitute. Ondorioz, Kontseiluak bere gain hartu zuen larrialdi hori indarraldi bihurtzeko ahalegina egiteko konpromisoa. Hala, “itxaropen mezu” bat zabaltzeko asmoz, euskaltzaleei dei egin die “indarrak batzeko” eta “euskararen etorkizunari norabide berria” emateko dinamikara: abenduaren 27an lehen ekitaldi jendetsua egingo dute Bilbon. Bilbao Arena euskararen eta euskaltzaletasunaren bilgune eta arnasgune bihurtzeko “milaka pertsona” batuko dituen ekitaldi erraldoia egingo dute. Sarrerak urriaren 16an (eguena) jarriko dituzte eskuragarri www.pizkundea.eus webgunean.
“Argi dago: euskaltzaleon garaia da. Biltzekoa. Elkarrekin arnasa hartzekoa“, nabarmendu du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak gaur (urriak 7), Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldian. Berarekin egon dira euskalgintzako ordezkariak eta norbanako euskaltzaleak, besteak beste, AEK-ko, Euskal Herrian Euskaraz-eko, Zenbat Garako ordezkariak.
Etorkizuna “jokoan” dagoela ohartarazi du Eskisabelek, baina “itxaropen mezu bat” zabaldu du. Ezinbestekotzat jo du bakoitzak dagokiona egitea, “euskaltzaletasunaren giharra indartzea”, euskara “kinka larrian” egon den beste momentu batzuetan egin modura: “Ezinbestekoa da euskaltzaletasunaren giharra indartzea. Izan ere, euskarak eta euskal hiztun komunitateak izan ditu lehenago ere larrialdi gorriko uneak, behin betiko itzaltzeko arrisku momentuak. Eta euskaltzaleen eskutik etorri da aldi bakoitzean Pizkundea. Milaka euskaltzaleren bulkada, erabaki eta ekimenetatik. Handia da gure historia garaikidean euskaltzaleon bulkadaz egindakoa. Baina ekinaldi berri baterako unea da, euskara lehen lerrora ekarri eta benetako jauzia eragitekoa. Horretarako, ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea”.
Izan ere, uste du, euskarak —hizkuntza guztien bezalaz— etorkizunik izango badu, “unibertso bat” beharko duela, zentzua emango dion “irudi eta erreferentzia mundu” bat. “Eta unibertso hori kultura da, euskarazko kultura, zailtasun gehigarriak erantsiko dietela jakin arren, euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen diguten unibertsoa”, gehitu du. Hala, jakinarazi du kultur kutsukoa izango dela ekitaldia, zeinetan euskararen soinu-bandak presentzia nabarmena izango duen.
Gero eta arrazoi gehiago.
Euskara larrialdian dagoela adierazteko, 2023an argitaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoa ekarri du gogora Eskisabelek, eta aipatu du Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa jaisten doala. Nafarroan, hamar ikasletik sei ez duela bere eskola bizitzan euskararekin inolako harremanik gehitu du. Horrez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako “gune euskaldunenetan atzera egiten ari dela euskararen erabilera” gogorarazi du. Eta, Euskal Herri osoan gero eta gutxiago dira euskaraz erdaretan baino errazago egiten duten hiztunak. “Hiztunen %17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdara baino gehiago erabiltzen dutenak; kasu askotan, euskara erabiltzeko posibilitate murritza da erabilera handitzeko muga handiena”.
Aurtengo uztailean Uemak aurkeztutako proiekzio demolinguistikoaren arabera, “hizkuntza politiketan aldaketa handi bat” gertatu ezean, “beltza” da panorama. Horren arabera, 11 urte barru (2036an), Hego Euskal Herrian ez da arnasgunerik geratuko, hau da, euskararen erabilera %80tik gorakoa den herririk. Eta, arnasgune erasanak ere —erabilera %60 eta %80 artean dutenak— desagertzen bidean egongo dira. Joera ikusteko zenbat datu gehitu dituzte: arnasguneetan hiztunen %7,2 bizi ziren 1991ean; %2,9 ziren 2021ean; eta %0,2 izan daitezte 2026an. “Proiekzioa betez gero, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko litzateke euskara”, esan du Eskisabelek.
Azken hamarkadetako suspertze aroa amaitu dela aipatu du, eta atzeraldiaren arriskua “handia” dela esan: “Etorkizuna dago jokoan”. Datuek “euskal hiztun komunitatearen minorizazio egoeraren berri” ematen dutela dio Eskisabelek. Izan ere, esan du datuok ulertzeko beharrezkoa dela gogoratzea euskara lurraldearen zati batean baino ez dela ofiziala: Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako zati batean. Nafarroa gehienean, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, aldiz, ez du ofizialtasunik.
“Oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa” ere jarri du mahai gainean Eskisabelek: “Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan euskaldun izendatutako eremuko koofizialtasuna zalantzan jartzen ari dira, minorizazioa gainditzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak eraisten ari baitira; desofizializazio prozesu batean gaude”. Horregatik, ezinbestekotzat jo du abenduaren 27an euskaltzaleak biltzea eta euskaltzaletasuna piztea.