“Elkartasun internazionalista ariketa erraldoia”
Hego Euskal Herriko sindikatuek Palestinaren aldeko elkartasun eguna dute gaur [urriak 15]. Gernika-Palestina elkarteak 19:30erako elkarretaratzeak deitu ditu udaletxe aurrean.

Hego Euskal Herriko sindikatuek Palestinaren aldeko elkartasun eguna dute. ELA sindikatuak lau orduko lanuzte deialdiak egin ditu; beste sindikatuek (LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta HIRU), berriz, hiru orduko etenak egitera deitu dute. Lea-Artibai eta Mutrikuko zenbait enpresetan lanuzteak egin dituzte gaueko (03:00-06:00) eta goizeko (11:00-14:00) txandetan. Sindikatu deitzaleek bildutako lehen datuek baieztatzen dute greba orokorrak “jarraipen handia” izaten ari dela. Enpresa askotan nabaria izan da geldialdia, adibidez, Erabil, Nemak, Lea Ibarra Udal Amankomunazgoa, Kautobe edo Armearri enpresetan.
Sektore publikoan ere, azpikontratek barne, grebak eta mobilizazioek eragin handia izan dute Eusko Jaurlaritzan, Osakidetzan, Osasunbidean, EiTBn, Guggenheim Museoan, Portu Agintaritzan, suhiltzaileen parkeetan, garraio publikoan, justizia administrazioan eta unibertsitateetan. Zenbait udal ere itxi egin dituzte. 110.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute eguerdian Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako manifestazioetan.
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak adierazi du “elkartasun internazionalista ariketa erraldoia” izaten ari dela gaurkoa: “Euskal langileok berriro argi utzi dugu palestinar herriarekin gaudela. Milaka eta milaka langile atera gara kalera; lanuzte eta mobilizazio eguna arrakasta handi bat izaten ari da”. Palestinaren alde mobilizatzen eta presioa egiten jarraitu beharra dagoela azpimarratu du, batetik, su-etena gauzatu dadin, eta Israeli eraso oro etetea eskatzeko, egun oraindik hildakoak badaudelako: “Horrek lagundu behar du Gazako gosetea arintzen, lagundu behar du Gazako herritarren egunerokoa hobetzen”. Palestinar herriak aske izateko eskubidea duela berretsi du, “Jordan ibaitik Mediterraneo itsasoraino”. Eta horrek konponbide “integralak” eskatzen dituela gogoratu du: “Presoen etxeratzea, horrela nahi duten errefuxiatuen etxeratzea, kolonizazio eta okupazioarekin amaitzea, autodeterminazio eskubidea gauzatzea”.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Sindikatuko kideak izanda, langileen egoerari erreparatu behar dietela ere esan du: “Begi bistakoa da Gazan egunerokoan bizi baldintza duinak ez daudela ziurtatuta, baina Zisjordaniako egoeran ere azpimarra egin nahi dugu, kolonizazio egoerak langileen egoera kaltetzen duelako, prekarietatera kondenatzen dituelako”. Genozidioa eragin dutenak epaitu egin behar direla eta Israel isolatu egin behar dela nabarmendu du: “Israel estatu genozida da, eta genozidioa ezin da zigor gabe geratu. Israelekin harremank eten egin behar dira, boikota egin behar zaio, maila sindikalean, maila instituzionalean eta baita maila komertzialean ere. Horregatik, gaur bereziki Confebask eta Cen enpresaburuen konfederazioei mezu bat bidali esanez interpelatu ditzatela enpresak; enpresei argi eta garbi esan diezaiotela Israelekin dituzten harremanak errebisatzeko, harreman horiek eteteko, genozidioarekin, kolonizazioarekin ezin delako negoziorik egin”.
Gazteak, kalera
Salbuespena hezkuntza sektorea da, egun osoko deialdia egin baitute bertan. Hain zuzen ere, ikasleak izan dira kalera ateratzen lehendabizikoak. Markina-Xemeingo gazteak, Ikamak deituta, 12:00etan elkartu dira udaletxe aurrean. “Azken urte eta hilabeteetan Israelgo Estatuaren oldarraldia areagotu egin da Palestinako lurretan, eta ez da genozidioa ez dan beste berbarik pasatzen dagoena azaltzeko”, adierazi dute. Horregatik, “aurrekoetan bezala” kalera atera dira genozidioa salatzeko hamaika izan baitira orain arteko antolatutako ekintzak. “Ikasleok ez dugu konplize izan nahi, behar den guztietan altxatuko dugu ahotsa baita ikasgelak hustu ere, Gazako kideak ikasleak ere badirelako eta gure eskubide berdinak dituztelako ikasi eta bizitzeko”.
Azken egunotan bake prozesuaren ateak zabaldu izanaren aurrean, gogoratu dute ikasleek ere urteak daramatzatela “bakea ortzimugatzat eta gerran kontrako arma ezinbestekotzat hartzen”. Horregatik, ez dute nahi mendebalde globalaren eta haien agintarien neurrira proposatutako bakerik nahi: “Genozidioagaz amaitzeko neurri eta erabakiak nahi ditugu, Palestina aske izateko neurriak”.
“Genozidioagaz amaitzeko neurri eta erabakiak nahi ditugu, Palestina aske izateko neurriak”
Munitibarren gazteak baino umeak atera dira kalera. Goiz osoan zehar Palestinaren aldeko ekintza ugari egin dituzte eskolan: Palestinaren ikurrinagaz txapak sortu dituzte, marrazkiak egin eta ume palestinarren aldeko murala margoztu dute. Horiek guztiak 11:00etan errepide ondora atera dituzte Txopitturri guraso elkarteak deitutako elkarretaratzera. Bertan, ume zein gurasoak elkartu dira.
Hezkuntza publikoan eta ikastoletan jarraipena “oso zabala” izan dela esan dute, eta ia eskola-jantoki guztiak ixteko iragarpena egin da. Lehenengo balorazio baten arabera, hezkuntza publikoari dagokionez, Bizkaian jarraipena %60 ingurukoa izan da. Bestalde, Haurreskolak Partzuergoan jarraipena %85 eta ikastoletan jarraipena %80koa izan dela kalkulatu da.
19:30ean Gernika-Palestina elkartearen deialdi zabala dago herri guztietako udaletxe aurrean elkartzeko eta burrunda egiteko.