‘Sorginak zirelako gara’ jaialdia errepikatu dute
Lekeitioko herri eskolako Zapran guraso elkarteak zapaturako [urriak 18] egun osoko egitaraua antolatu du.

Duela bi urte antolatu zuen Lekeitioko herri eskolako Zapran guraso elkarteak lehen aldiz Sorginak zirelako gara jaialdia eta aurten errepikatuko dute. Zapatuan [urriak 18] egingo dute herriko plazan, eta aurten egun osoko egitaraua antolatu dute. Bi urterik behin antolatu nahi duten jaialdia da, aldatu ez direnak helburu nagusiak dira: “Aspaldian naturarekin galduta dugun harremana berreskuratu nahi dugu eta era berean, emakumeei historian behar eta merezi duten presentzia eman”.
Horretarako, sorginak ahertu dituzte erreferente moduan, “baina lehen ikusten ziren bezala, eta ez gaur egungo irudi desitxuratu eta itsusia”. Emakume “boteretsuak eta jakintsuak” ziren, zapalduak izan zirenak. “Emaginak ziren, sendabelarrak inork baino ezagutzen zituztenak eta bizitzaren ziklo desberdinen berri ematen zutenak, neskena beraiena edota ilargiarena, adibidez. Galdu zuten espazioa berreskuratu nahi diegu”.
Duela bi urte ez bezala, egun osorako ekintzak dituzte prest. Goizetik emango diote hasiera egitarauari, Mentxu Amunategi adituaren eskutik ‘Sendabelarrak topaten’ ibilbidea osatuko dute herri txoko desberdinetatik. Bermeotarra astion eskolan egon da umeekin sendabelarren ingurukoak azaltzen eta zapatukoa familia giroan egitekoa izango da gehiago. “Galdu egin dugu naturarekiko harremana eta landaketak eginez berreskuratu nahi izan du”, azaldu dute. Porruak landatu dituzte eta bere prozesua jarraituko dute.
Arratsaldekoa 17:30ean hasiko da, askotariko tailerrak egiteko aukera izango dute umeek. Esate baterako, pomadak egin ahalko dituzte, usaindun sakutxoak osatu edota amuletoak egin ere bai. Goizean batutakoak balituko dituzte horretarako, “gure inguruan baditugulako sendabelarrak, ez ditugu erosi behar”. 19:45ean, sorginen antzerkia eta dantza herrikoia osatuko dute. Azkenik, iluntzeagaz batera, Lekittoko Deabruek suzko zezena aterako dute.
Egitaraua:
-
11:00: ‘Sendabelarrak topaten’ ibilbidea, Mentxu Amunategi adituaren eskutik.
-
17:30: Tailerrak eta erakusketa: pomada egin, usaindu sakutxoak, amuletoak…
-
19:45: Antzerkia eta dantza herrikoia.
-
20:30: Suzko zezena, Lekittoko Deabruen eskutik.