Eneko Muruzabalen ‘Planetagatik’ filmak irabazi du 48. Euskal Zine Bilera Urrezko Antzarra
Sari banaketa ekitaldia osatu zuten zapatuan [urriak 18] Ikusgarri zinema aretoan. Euskal Zinemaren Begiradak Pantailak Euskaraz egitasmoaren lana omendu du.

Urriaren 16tik 18ra ikusi ahal izan dira Lekeitioko 48. Euskal Zine Bilerako sail ofizialeko 20 film labur hautatuak. Ikustea gozamen hutsa bada ere, gero guztien artean onenak aukeratzea ez da hain gozagarria: “Sari bat ematea ez da batere erraza, are gutxiago euskal film labur onenak lehiatzen badira”. Zapatuan [urriak 18] egin zuten sari banaketa ekitaldia Ikusgarri zinema aretoan.
Hogei lan egon dira, eta bakarrik bost sari. Hiru sari nagusiak erabakitzeko arduradunak Itziar Atienza aktorea, Beñat Sarasola idazlea eta Miren Aperribay zuzendaria izan dira. “Euskal zinemagintza eta, oro har, kultur arloaren ezagutza handia” duen epaimahaiak “erronka handia” izan duela aitortu du.
Film onenaren Urrezko Antzarra Eneko Muruzabal Elezkanoren Planetagatik lanak jaso du. Epaileek nabarmendu dute film “borobil eta jostaria” dela: “Egun pil-pilean dugun gai bat hartu, krisi ekologikoa, eta ausardiaz eta umorez tratatzeko gaitasuna dauka, mezu errepikatu eta topikoetatik urruti. Azpimarratzekoak ere bai bi aktoreen interpretazio lana eta gidoi zehatza”. Garaikurraz gain, 3.000 euroko saria jaso du.
Zuzendaritza onenaren saria, Aitzol Saratxaga Saenzen Ehiza filmarentzat izan da. Epaileek azpimarratu dute “lan korala izanik zuzendariak dena lotzeko abilezia” erakutsi duela. “Animazioa eta fikzio ez animatua baita, era original batean ondo uztartuta dago. Elezahar bat kontatzeko erakutsi duen birtuosismoagatik eta istorioak duen erritmo zainduagatik. Azkenik, istorioan euskararen txertaketa oso ondo landua dagoela aipatzekoa da”. Berarentzat izan da 1.600 euro diru saria eta Zilarrezko Antzarra.
Gidoi onenaren saria, Ana Ines Landeta Urrabaso eta Lorea Lyons Andrakaren Azkena filmak eraman du. Epaileen esanetan “oso era originalean” mahaigaineratzen du amatasunaren gaia, perspektiba pertsonal batetik. “Emakumearen identitatean amatasunak utzi ditzakeen aztarnak erakusten ditu abileziaz eta gordintasunez. Amatasunaren aurrean sortzen den zalantza horretan ikuslea sarrarazten du irudiekin, musikarekin eta emozioz jositako off ahotsarekin jolastuz oso modu poetikoan. Ama ez izatearen aukeraketa kontzienteari toki goxoa eta zilegia ematen dion istorioa da”. Bilbotarrentzat izan dira 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
2001etik aurrera jaiotakoentzako Benito Ansola saria, Ekaitz Bertiz Apezetxearen Erreka zoko hortan filmarentzat izan da. Epaimahaiak nabarmendu du “filmaren kalitatea ona eta istorioaren misterioa ondo josita” dagoela. “Baztandar hizkera natural eta koherente txertatzen da pelikulan zehar eta irudiaren bitartez ikuslea istoriora murgiltzen du. Ondo zaindutako argazkia eta planoak ditu pelikulak eta hitz gutxiriekin asko esaten du”. Zilarrezko Antzarra eta 1.000 euroko saria jaso du garaileak.
Ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikuslearen saria Mikel Balerdi Arruabarrena eta Deñe Garcia-Bravo Alberdiren “Eraman zutela” izan da, batez beste 5etik 4,58 puntu lortuz. Hortaz, haientzako izan da 750 euroko saria. Era berean, epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso dute Balerdik eta García-Bravok. Epaileen saririk jaso ez badute ere epaimahaiak “aipamen berezia” egin nahi izan dio. “Filmean lantzen den gaia izugarria da, isiltasunez inguratuta egon dena. Memoria historikoa modu tekniko, zehatz eta enpiriko batekin kontatua. Trauma historikoei beraien lekua egina. Historia tristea xamurtasunez kontatua”.
Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemaren Begiradagaz Pantailak Euskaraz egitasmoa omendu nahi izan dute 48. Euskal Zine Bileran. Jaialdiak urtero jartzen du bere begirada, euskal ikus-entzunezkoen alorrean ekarpen berezia egin duen eragile edo pertsona batengan. “Horregatik, ekimenak orain arte egin duen lanaren aitortza gisa, eta etorkizunean lanean jarraitzeko pizgarri modura”, aurtengo Begirada Saria Pantailak Euskaraz-entzat izan da.