Aldundiak Maderas de Leketioko lurretan eraiki nahi du 'Kobazulo Experience' interpretazio zentroa
Leixuri Arrizabalaga diputatuak esan du Lekeitioko Udalagaz harremanetan dabiltzala.
Argazkia: Lekeitioko Udala. Lekeitioko Udalak Maderas de Lekeitioko lurrak erosi zituenetik asko izan dira bertan egin daitezkeen ingurukoak. Prozesu parte hartzailea abiatu zuten herritarren iritzia jasoz. Orain, ordea, Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak bestelako proposamena luzatu du: Kobazulo Experience interpretazio zentroa bertan egitea.
Bizkaiko Foru Aldundiaren aspaldiko asmoa da inguruko kobazuloetan topatutako interpretazio zentro bat eraikitzea. Hain zuzen ere, interpretazio gunea eraikitzeko aukeren artean Santimamiñe ere egon da, diputatuaren arabera, baina baztertu egin dute, leku faltagatik. Orain Lekeition jarri dute arreta. Azaldu du Lekeitioko Udalagaz harremanetan dabiltzala Maderas de Lekeitio fabrika zaharra izandako lekuan eraikitzeko. Udalaren erantzuna jasotakoan onduko lukete proiektua. Udaletik oraindik ez dute adierazpenik egin.
Bizkaiko Batzar Nagusiek kontrol saioan, EH Bilduren galdera baten harira atera da gaia. “Labar artea ikertzeko eta zabaltzeko erreferentziazko zentroa izango da, ezagutza zientifikoa, kulturala eta soziala bilduko dituena. Dibulgaziorako gunea izango da, ondare horri balioa eman eta haren ezagutza herritar guztiei transmititzeko”.
Arrizabalagaren esanetan, Bizkaiak duen ondarea kontutan hartuta, beharrezkoa du horrelako zentro bat. 1.600 kobazulo inguru daude, eta haietatik hamazazpik aztarna arkeologiko edo paleontologikoak dituzte. “Santimamiñe, Armintxe, Atxurra eta Askondo Europako arte paleolitikoaren aztarnarik garrantzitsuenetakoak dira”, adierazi du.
Arriskuan
Horrez gain, Koalizioak Lekeitioko Armintxeko kobazuloan topatutako margoez ere galdetu dio diputatuari. Izan ere, diputazioak iragarri zuen adituek esan zietela uriolek arriskuan ipin zitzaketela margoak. Arrizabalagak esan du azken azterketen arabera “arriskua ez dela hain larria, nahiz eta artelanak ez dauden %100ean salbu”. Kobazuloaren kartografia osatzen ari dira espeleologoak eta uriolak saihesteko monitorizazio sistema bat ezarri du diputazioak.