Prest dute udazkeneko Literatur Asteko egitaraua
Domekan [azaroak 2] emango diote hasiera egitarauari eta hiru ekintza antolatu dituzte.
Berriatuan urtero bi Literatur Aste egiten dituzte, bat udaberrian eta beste bat udazkenean. Azkena, ikasturteko lehendabizikoa, prest du udaleko kultura batzordeak. Domekan [azaroak 2] hasiko dute eta astebeteko iraupena izango du, hiru ekintza prestatu dituzte.
Domekan, 18:00etan, Olatz Ganboak zuzendutako Destiny Driver nagusientzako umorezko antzerki laburra eskainiko dute bideogelan. Azaldu dutenez, XXII. Mendean dago kokatuta istorioa, bertan, “gizakiek etorkizuna irudikatzeko gaitasuna algoritmo baten esku utzi dute; trukean, ziurgabetasuna desagertu egin da”. Tartean dago Ugaitz Alegria aktore ondarrutarra eta 20 minutuko iraupena izatea aurreikusten dute.
Azaroaren 7an, barikuan, Angel Ugarteburu berriatuarrak Hegan eta Jare bere azken liburua aurkeztuko du, eta bide batez aldi berean, irakurketa kluba osatuko dute ordura arte liburua irakurri dutenekin. 18:30ean jarri dute hitzordua, bideogelan. Idazlearen bigarren nobela da, eta lehendabizikoa bezala, autobiografikoa. Bere bizitzako hainbat pasarte dakartza berriatuarrak, Berriatuko baserritik irten eta Derioko apaiztegian sartu zenean hasita. “Abadegai lagunak, abadetzarako pausoa eman edo ez, gero kulturan jardutea, politika giroa diktaduraren azken urteetan, ikasketak, lanbidea…” Familia-giroa ere sarritan jorratzen du, ospakizunak, bidaiak eta abar aitzakia direla.
Azkenik, azaroaren 9an, domekan, Ameli ipuin kontalari musikatuak saio zabala eskainiko du, 17:00etatik aurrera, bideogelan. Adinaren arabera banatuta, hiru ataletan banatuko du arratsaldea. 1 eta 6 urte bitartekoak izango dira lehendabizikoak, 17:00etatik 17:30era ‘Itsasoko sekretuak’ liburuagaz. Gero, 17:45etik 18:45era, 7 eta 12 urte bitartekoen txanda helduko da Ainaiak udazkeneko istorioak pasarteekin. Azkenik, 19:00etatik 20:00etara 13 urtetatik hasi eta adin guztientzako saioagaz itxiko dute Literatur Astea.