Munduari feminismotik begira
Euskara eta feminismoa ardatz hartuta, 11barrik andrazko esanguratsuen biografiak jasotzen dihardu, horiek hainbat diziplinatan gizarteari egiten ari diren ekarpenari ikusgarritasuna emateko helburuz. Ikus sarrera guztiak 11barriren webguneko 'Testuen bankua' atalean.
Marixe Noya Arrizabalaga (Markina- Xemein, 1978) berdintasun teknikaria da. Zientzia Politikoak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta garai horretan feminismoa ezagutu, eta horrek mundua ikusi eta aztertzeko ematen duen aukeraz jabetuta, bere ibilbidea norabide horretara zuzendu zuen.
Ikasketak bukatu ostean, Lea Artibai Ikastetxean Administrazio eta Finantzen goi mailako modulua egin, eta EHUk eskaintzen zuen Emakume eta Gizonen Berdintasunaren gaineko masterra egin zuen. Masterra bukatu, eta Oreka Sarea proiektuan aritzeko aukerari heldu zion 2007.urtean, bere lagun Dominique Saillardekin batera. Bertan dabil ordudanik, genero ikuspegia eremu ezberdinetan txertatzeko estrategia, neurri eta aldaketa prozesuen diseinu, jarraipen eta ebaluazio lanetan, formazioak eta prestakuntza prozesuak sustatuz eta genero diagnostiko eta plangintzak diseinatuz.
Errealitatea emakume eta gizonen arteko banaketan eta hierarkizazioan oinarritzen da, Noyak gogoratu duenez, eta dio berdintasun politikak errealitate hori eraldatzeko tresna direla. Arrakala hori gutxitzeko ekimenak planifikatzean, diskriminazioak identifikatu eta horietan eragin behar da bere esanetan. «Hori ez da beti erraza izaten, gaiarekiko erresistentziak handiak direlako, gure sistema sozial, politiko, ekonomiko, familiar eta abarren oinarriak astindu behar dira-eta, alegia, gizarte eredua bera», adierazi du.
Horrenbestez, Noyak baieztatu du berdintasuna egunerokoan islatzen dela: hartzen diren erabaki txiki eta handietan. «Testuinguru jakin batean bizi gara, eta testuinguru hori egunero eraikitzen da. Bada, horren aurrean egunero borrokatu beharra dago. Begiak eta burua irekita eduki behar ditugu, diskriminazio etengabearen aurrean. Horretarako, jarraitu beharreko bidea argi edukitzea da garrantzitsuena, jakinik bide horretan mantentzea dela lortu beharrekoa», dio.