Zabalik dago Lekeitioko Santo Tomas azokan izena emateko epea
Abenduaren 21ean egingo dute azoka; eta azaroaren 7ra arte eman daiteke izena.
Abenduaren 21ean ospatuko dute Lekeitioko Santo Tomas azoka, eta zabalik dago bertan parte hartu nahi dutenentzako izen ematea. Azaroaren 7ra arte eman ahalko dute izena ekoizle, abeltzain, artisau nahiz herriko eragileek.
Parte hartu nahi dutenek eskaera orria eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte. Ekoizle, artisau eta abeltzainek, presentzialki Markina-Xemeinen (Xemein Hiribidea, 12, A) edo imendizabal@leartibaifundazioa.eus helbidera datuak bidalita. Bestelako erakundeek, aldiz, Lekeitioko Udalaren bitartez aurkeztu beharko dituzte dokumentuok: presentzialki (Resureccion Maria de Azkue, 5, Lekeitio) edo helbide elektroniko bidez (jaiak@lekeitio.eus).
Urtetik urtera, helburu bera mantendu dute antolatzaileek: eskualdeko lehen sektorea bultzatzea. “Lehen sektorea garrantzitsua da ekonomiarentzat, ingurumenarekiko errespetuarentzat, kontsumo jasangarriarentzat eta biztanleriaren osasunarentzat eta funtsezko sektore izanda, bere bideragarritasunean laguntzeko hainbat ekimen aurrera eramaten ditugu, besteak beste, azokak”, azaldu dute Lekeitioko Udaleko ordezkariek. Horretarako, “ezinbestekotzat” jo dute herritarrengana produktu horiek hurbiltzeko ekimenak aurrera eroatea.
Beharrezko eskaera orria, oinarriak eta bestelako informazioa www.landagarapenaleaartibai.eus webgunean daude.