"Europako Txapelketa irabazterakoan sentitu nuena ez dakit hitzez azaltzen"
Ager Solabarrieta ondarrutarrak urrezko domina irabazi berri du ikusmen-desgaitasuna dutenentzako Europako Tiro Paralinpiko Txapelketaren 10 metroko karabina etzandako modalitatean, Kroazian.
 
                                    Final estua bizita, azken tiro zehatz bati esker gailendu zen Ager Solabarrieta Europako Tiro Paralinpiko Txapelketan. 242,5 puntugaz, etxeko Petar Jelakovic gainditzea lortu zuen. Horrekin, Maite Badiola emazte eta gidaria alboan zuela, bigarren domina eskuratu du txapelketa horretan. Munduko Txapelketa ere irabazita dauka ondarrutarrak. Egunez egun aurrera egin, eta bidean jarraitzea du helburu, noizbait Paralinpiar Jokoetan parte hartzea amestuz.
Nola bizi izan zenuen Europako Txapelketaren final hura? 
Sekulakoa izan zen. Ez nuen sinisten. Amaitu nuenean, Maitek esan behar izan zidan amaitu nuela. Eta gogoratzen dut ea bigarren gelditu nintzen galdetu niola. Lehenengo postuan gelditu nintzela esan zidanean, negarrez hasi nintzen. Ez dakit sentitu nuena hitzez azaltzen. Negar egiteko gogoa nuen, eta salto eta barre egitekoa. Sentsazio guztiak sentitzetik pasatu nintzela uste dut.
Maitek lehenengo postu hori zurea zela esan zizunean, zein izan zen burura etorri zitzaizun lehen gauza?
Emazteari, Maiteri berari eskertzea. Bera izan zen garaipenaren erruduna, eta nola ez nizkion eskerrak emango? Gainontzeko eguna flasback-ekin gogoratzen dut. Hodei batean pasatu nuen eguna, guztiz sinistu gabe.
Finalean hotz mantendu zinela bistakoa da. Nola kontrolatzen dira tentsioa eta emozioa horrelako momentu batean?
Ez da erraza. Entrenamenduagaz. Aurreko finalean ere bihotza topera izan nuen, eta horretaz baliatu izan naiz oraingoan ere. Egunerokotasunean entrenatzen da hori ere, ez teknika bakarrik; oso garrantzitsua da. Gainera, bakoitzarengan sinestea ere berebizikoa da, eta horixe bera izaten da zailena kasu askotan.
“Zer eman didan Maitek? Dena. Bizipoza. Berari esker nago gaur nagoen lekuan, bai arlo pertsonalean, bai kirol arloan”
Entrenamendua aipatu duzu. Nolakoa izan da txapelketarako prestaketa hori?
Luzea. Normalean, astean lau edo bost egunetan egiten dut ariketa fisikoa. Horrez gain, teknika ere astean sei bat egunetan entrenatzen dut. Modalitate bietan aritu naiz teknika entrenatzen, bai tente, bai etzandako modalitatean. Atseden hartzea ere oso presente izan dut.
Noiz hasi zenuen kirol ibilbidea?
2005.urtean hasi zen nire kirol ibilbidea. Bilbora joan nintzen, ONCEra, ordenagailuko programa bat erabiltzen ikastera. Horretan, bazegoen tiroaren aukera ere. Hasieran, Markina-Xemeingo lagun batek esan zidan bera arratsaldean tiratzera joango zela, eta barre artean erantzun nion, txantxetan ari zelakoan. Baina bera seriotan zebilen, eta berarekin joanda ezagutu nuen aukera hori. Zaletasun modura-edo hasi nintzen, eta horrela joan nintzen pausoz pauso hobetzen, 2015.urtean txapelketak irabazten hasi nintzen arte. Orduan, zaletasuna zena, serio bihurtu zen. 
Askok ez dute modalitate hau ezagutuko. Nola funtzionatzen du soinuan oinarritutako karabina modalitateak?
Bi parte hartzen ditu beregain sistemak. Alde batetik, infragorriak daude. Argia botatzen duen bonbilla baten bidez funtzionatzen du, hain zuzen. Hori dianan kokatzen da, eta nik kamara bat izaten dut, zeinek abiadura handiko objektuak errekonozitzeko programa berezi bat daukan. Bestetik, bonbillak botatzen duen argia soinu bihurtzen du programa horrek, eta zenbat eta gehiago hurbildu diana erdira, orduan eta finagoa da nik entzuten dudan soinua. Eta, erdi-erdian zaudenean, soinua aldatzen da. Tiro egiteko unea aukeratzeko horretaz baliatzen naiz. 
Zer da garrantzitsuena tiro egitean, beraz, gorputzaren ñabardura, arnasketa edo soinua?
Dena. Denak du pisua, eta denak du eragina tiro egiteko moduan. Eta are garrantzitsuagoa da burua. Burua ez joatea. 
“Europako eta munduko Txapelketak irabazten jarraitzea da nire helburua etorkizunera begira“
Tiro bakoitzean alboan izaten duzu Maite, eta esan daiteke zure begien papera berak betetzen duela. Zein modutan komunikatzen zarete lehiatzerakoan?
Bada, legediak ez digu hitz egiten uzten; beraz, kode berezien bidez komunikatzen gara tiro-lekuan. Mimikaz egiten dugu dena, golpeak eta mimika erabiliz. Bion artean egunerokotasunean ere erabiltzen dugun hizkuntza bat sortu dugu dagoeneko.
Zer eman dizu Maiteren presentziak zure ibilbidean, kirol arloan zein bizitzan?
Zer eman didan? Dena. Bizipoza. Berari esker nago gaur nagoen lekuan, bai arlo pertsonalean, bai kirol arloan. Asko diot eskertzeko, eta eskertzen diot, sarri.
Zer ikasi duzu kirol honi esker?
Burua lantzen ikasi dut, batez ere. Behin teknika menperatuta, burua lantzen ikasi nuen. Izan ere, nire modalitatea ez da 60 tiroko txapelketa bat, tiro bateko 60 txapelketa baizik. Eta, tiro artean burua erreboluzionatuz gero, akabo. Oso garrantzitsua da, eta nire bizitza pertsonalerako ere baliagarria izan zait alde hori. Lasai egoten ikasi dut, diziplina bat izaten, errutina bat.
Behin Europako eta Munduko Txapelketak irabazita, zein da orain zure hurrengo helburua?
Horiek irabazten jarraitzea da helburua, dudarik barik. Tamalez, oraindik gure modalitatea ez dago Olinpiar Jokoetan, eta, beraz, gaur gaurkoz, hori ez litzateke helburu bat, amets bat baizik. 2022az geroztik, parte hartu dugun txapelketa guztietan lortu dugu dominen bat. Beraz, bide onean goaz. Berdin jarraitzea edo hobeto jarraitzea izango litzateke nire helburua.
Olinpiar Jokoetan zure modalitatea ez dagoela aipatu duzu. Egin al da saiakerarik horren alde?
Bai, sarri. Dena den, Paralinpiar Jokoetan badago tiro modalitatea; ez dagoena itsuen modalitatea da. Esaten zuten 2028ko jokoetan sartuko zela gure modalitatea, baina oraindik ez da ezer argitaratu. Beraz, ez dut uste horrela izango denik. Halere, espero dugu 2032ko Australiako Paralinpiar Jokoetarako lortzea, eta zelan ez, horietan parte hartu ahal izatea.
 
								 
								
							 
					 
                    